Zizurkilenbarrena atariko atal berrien aurkezpena

Joan den uztailaren 4an, Zizurkilenbarrena atariko atal berriak aurkeztu zituen Leire Zubeldia komunikazio zinegotziak, Urtzi Reguero eta Maialen Azkue herritarrekin batera. Zizurkilgo Udal Webgunea berritzearekin batera, Zizurkilenbarrena ataria www.zizurkil.eu atariaren barnean sartu da, eta hiru atal berri ere gehitu zaizkio, hizkera, galeria eta oroimena.

Altxor bat

"Altxor bat", horrela definitu zuen Zubeldiak Zizurkilenbarrena ataria. Bertan jasotzen dira azken urteetan Zizurkilgo Udalak, eta bereziki, zizurkilgo talde eta herritarrek egindako lanak. Orain arte sei atal zituen,: Toponimia, liburuak, mapa, ibilibideak, sustraiak, eta Otaño. Toponimian zizurkilgo txoko eta baserrien argazki berri eta zaharrak kontsulta daitezke. Liburuak atalean Udalak Zizurkilgo historiaz argitaratutako hiru liburuak daude eskuragai. Mapan, herritarrek leku izenak berreskuratuz egin zuten mapa kontsulta daiteke. Ibilbideak atalean herrian zehar hainbat ibilbide proposatzen dira. Sustraiak atalean Hernandorena kultur taldeak ateratzen duen eskuorri hori, sustraiak izenekoa, kontsultatu daiteke, eta amaitzeko, Otaño atalean Hernandorena kultur taldeak Otañoren inguruan argitaratutako liburua eta Zizurkilgo herritar unibertsalenaren inguruko beste zenbait argitalpen jasotzen dira. "Orain arte zegoena, beraz, ez zen gutxi, eta orain, hobetu egin dugu", azaldu zuen Zubeldiak.

Galeria

Galeria da Zizurkilenbarrenako atal berrietako bat. 2006ko Zizurkilenbarrena bekaren bidez, Maialen Azkue herritarra baserriz baserri ibili zen zizurkildarren argazki zaharren bila. Hilabetetako lanak izan zuen bere fruitua, XX.mendeko lehen urteetatik 60. hamarkadara arteko 500 bat argazki zahar jaso zituen, zizurkildarrez osatuak guztiak. Lan hori egin bai, baina gero Udalean jasota geratu zen. Horri aterabidea eman nahi izan dio Udal berriak. "Amaia Labaien 6 hilabetez webgunea berritzen aritu den pertsonak argazki hauek igotzeko lana ere hartu du. Argazki bakoitza jaso zen baserriaren arabera sailkatua dago, eta argazkian agertzen direnen gaineko informazioa ere jasotzen da", azaldu zuen Zubeldiak. Maialen Azkuek eskerrak eman zituen argazkiak guztien eskuragarri jartzeagatik eta duela 6 urte bizi izan zuen esperientzia oso aberasgarria izan zela azpimarratu zuen. "Askotan ez ziren ohartzen argazki zahar horien garrantziaz, eta horretaz jabetu zitezen saiatzen nintzen", azaldu zuen.

Hizkera

Hizkera atala ere gehitu da zizurkilenbarrena atarian. 2008ko zizurkilenbarrena bekaren irabazle Urtzi Reguero herritarrak Ariane Ensunzarekin batera garatu zuen Zizurkilgo hizkera aztertzea helburu zuen lana. Herriko adinekoei elkarrizketak egin eta horrekin zizurkilgo hizkeraren azterketa garatu zuen. Orain herritar horien ahots korteak, eta hizkera aztertzen duen liburua biak eskuragarri jarri dira. "Herritarren ahots korteak txukundu dira eta gaika sailkatu, eskolaz edo gerraz edo festez hitz egiten zuten pasarteak elkartu ditugu entzulearentzat interesgarri izateko", azaldu zuen Zubeldiak. Urtzi Reguerok, lanaren bi balio azpimarratu zituen, zati etnografikoa eta dialektologikoa. "Hiltzen ari den belaunaldi baten lekukotza jaso nahi genuen alde batetik, hiltzen ari den bizimodu baten lekukotza delako, baserri munduarena. Eta bestetik, hizkeraren azterketa bera egongo litzateke", azaldu zuen Reguerok. Udala horrelako lan gehiago egitera ere animatu zuen herritarrak.

Oroimena

Gehitu den azken atala "Oroimena" da. Azaroan Zizurkilen gerra zibilean fusilatutako 5 herritarrei egin zitzaien herri omenaldiko bideoa eta oroimen ekitaldi horien harira antolatutako bi hitzaldien bideoak jasotzen dira bertan. Amaia Labaien herritarrak editatutako bideoak dira, hartzailearentzat gustagarriago izan daitezen. Horrez gain, Hernandorena kultur taldeak gerra zibilak Zizurkilen izan zuen eraginaz eta fusilatuen historiaz argitaratu zuen liburuxka ere eskuragai dago Oroimena alalean. Zubeldiak azpimarratu zuenez, "oroitzea, berriz ez gertatzeko bermea delako". Amaitzeko herritarrei egin zien dei Zubeldiak "webgunean sartu eta lasai kontsulta ditzaten liburukiak, audioak entzun edo argazkiak eta bideoak ikusi".

Prentsaurrekoko audioa entzungai duzue HEMEN

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.