Joxe Arregi plazako hiritartzea 2013ko hirigintza aurrekontuan

Zizurkilgo Udalbatza berria sartu zenerako, itxita zegoen Area 10 edo Joxe Arregi plazako urbanizatze proiektua. Udal gobernu berriak ordea, herritarren ekarpenak jasotzea beharrezko ikusi zuen plaza hori Zizurkilgo etorkizunean gune erreferentzial izango dela kontuan izanda, eta proiektua parte hartzearen bidez hobe zitekeelakoan.

Horrela, ekainean egin zen hiritartzeari buruzko lehen bilera. Aurreko proiektua aurkeztu eta horren gainean herritarrek egindako aldaketa proposamenak jaso ziren. Udalak proposamen horiek jaso eta aztertu ondoren, proiektuan txertatzeko modua pentsatzen egon dira hilabete hauetan. Hilak 4, asteartean egindako batzarrean eman zaie erantzuna proposamen horiei, hirigintzako aurrekontu parte hartzaileen baitan.  Izan ere, 2013ko hirigintza proiektu nagusiena izango da plazaren hiritartzea. Joxe Mari Luengo alkatea, Nerea Lizarraga alkate ordea eta Zizurkilgo Udal arkitektoa izan dira azalpenen arduradun.

Hainbat berrikuntza

Egindako ekarpenak kontuan hartuta, aurreko proiektutik aldaketa zenbait egingo dira, gaurko bileran onartu direnak:

-Komun publikoak eskatu ziren. Atxulondo kutur etxean igogailua jarri behar da, eta horretarako Atxulondo tabernako komunetan obrak egin behar dira. Obra horiek baliatuz, komunak berritu eta zerbitzu publikorako izatea proposatu da proiektu berrian.

-Gune berdeen falta izan zen aipatutako beste aspektu bat. Pare bat txertatu dira proiektuan: Parkearen eta berau inguratzen duten eserlekuen artean egingo dena bat eta plaza eta tabernaren artean bestea.

-Nerabeentzako gunea. Lehen proiektuan bi parke aurrikusten ziren baina ekaineko bileran bi parkeetako bat nerabeentzako gune gisa jartzea proposatu zen. Bankuekin eta gune berde batekin lasai egoteko txoko bat proposatu du Udalak.

Estalpea

Bai ekainean eta baita gaurko bileran ere zeresan gehien eman duen aspektuetako bat estalpearena da. Aurreko proiektuak ez zuen estalperik jasotzen plazan baina Udal gobernuak eta bertaratutako herritarrek beharrezko ikusten zuten. Azterketa eginda, ikusi da estalpeak ezin duela plaza erdian joan, plazaren erabilera asko mugatzen duelako. Orduan, 300 metro karratuko  estalpe bat proposatu da, plazaren izkina batean eta etxebizitzei begira egingo litzatekeena.

Proiektua berregiteak, noski, kostu gehigarria ekarri du eta horri zenbait azpiegitura, estalpearena modukoak gehituta, epeetan lehentasunak jartzera bultzatzen du. Are gehiago, Udalaren egoera ekonomikoa ikusita, Horrela,  plazako elementu guztiak ezingo dira 2013an zehar egin. Datorren urteko aurrekontuetan lehentasuna zerk beharko lukeen eztabaidatu dute bertaratutakoek.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.