Zizurkilgo Udalak komunikazio estrategia berria aurkeztu du

Joxe Mari Luengo alkateak, Leire Zubeldia komunikazio zinegotziak eta Amaia Labaien webgune dinamizatzaileak Zizurkilgo Udalak komunikaziorako prestatu dituen tresna berriak aurkeztu zituzten hilaren 20an emandako prentsaurrean. Zubeldiak adierazi duenez, "aurreko Udan landutako komunikazio plana garatu da azken urtebetean. Helburua argia izan da: Herritarrek Udalaren jardunaz informazioa izan zezatela lortzea euren partea errazteko. Nabarmentzekoa da herritarrekin batera eratutako parte hartze eta komunikazio batzordearen bidez garatu dela plana. Bi oinarri nagusi ditu planak, argitalpenak eta webgunea.

Argitalpenak

ZER OTE? gida da Bildu Udalera iritsi arte Zizurkilgo udalak maiztasunez argitaratzen zuen eskuorri bakarra. Hilabetero banatzen da etxe guztietan. Zubeldiak nabarmendu du funtzio praktikoa duela, "Udalak edo herriko elkarteek antolatutako ekitaldien berri ematen du, baita deialdi eta diru-laguntzena ere. Bere funtzio praktikoa ikusita, argitalpenari eutsi diogu". Hori bai, kostua merketzea lortu du Udalak.

PLAZABERRI aldizkaria da berritasunetako bat. Komunikazio zinegotziaren arabera, "argi genuen bazirela Zer Ote? gidan lekurik ez zuten beste gai batzuk, eta Udalak herritarrei jakinarazi beharrekoak, modu sakonagoan landu behar zirenak. Horiei erantzuteko sortu zen Plazaberri aldizkaria". 2011ko irailean argitaratu zen lehen alea eta harez geroztik hiru hilabetean behin, urtaro aldaketekin batera kaleratu da. Zubeldiak bi aspektu nabarmendu ditu. "Komunikazio eta parte hartze batzordeko zenbait kazetari zizurkildarrek lantzen du informazioa, bolondres gisa, eta horrek egiten du ekonomikoki jasangarria. Bestalde, Udala egiten ari dena jakinarazteaz gain, herritarrek eta bereziki herriko elkarteek ere bere txokoa dute eta saiakera berezia egiten dugu argitalpen irekia izateko, gaiak eskatzean, oposizioaren ahotsa ere jasoz".

Webgunea

Webgunea da komunikazio planean landutako beste aspektu bat. Amaia Labaien webgune dinamizatzaileak eman ditu azalpenak. "Zizurkilek Windows-en menpeko ASP sisteman egindako webgunea zuen, informazioa igotzea asko zailtzen zuena eta diseinu aldetik oso zurruna. Aukera ezberdinak aztertuta, argi ikusi zen osorik berritzea zela aukera egokiena. Honela, hode irekiko sisteman landutako webgune berria martxan jartzen aritu gara hilabeteotan". Webgunea berritzeak lau helburu dituela azaldu du Labaienek. "4 helburu nagusi webgunearen berritzeak: Diseinu aldetik erakargarriagoa izatea,herritarrei informatzeko eta parte hartzeko aukera gehiago emango zizkien atari bat sortzea, informazioa igotzea erraztea, Udaleko langileek eurek egiteko modua lortzeko eta Zizurkilgo Udalaren atari guztiak batu eta gune erreferentziala sortzea. Lan gehienak eginak daude eta Webguneari azken ikutuak ematen ari dira orain.

Amaitzeko, Zubeldiak esan bezala, "Berrikuntzak eginak daude, orain tresna berriak eskura izanda horiek indartsu eta bizi mantentzea dugu helburu, komunikazioa ezinbestekoa delako Udalaren eta herritarren artean".

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.