EH Bilduk proposatutako mozioa onartu zen urtarrilaren 30ean ospatutako Udaleko osoko batzarrean. PSEk babestu zuen mozioa eta EAJ abstenitu.
Zizurkilek egun duen arazo handienetako bat aipatzen du mozioak. Handia da egunero-egunero Elbarrenatik igarotzen den trafiko eta garraio astunaren dentsitatea. Mozioak jasotzen duenez, “2000ko hamarkadan Foru Aldundiak egindako azterketen arabera, 10.000 inguru ziren egunero Zizurkilgo erdigunea zeharkatzen zuten ibilgailuak, eta horietako asko Asteasuko industrialdetara zihoazen, kamioiak bereziki”.
Bulandegiko saihesbidearen premia aipatzen du mozioak: “Saihesbidearen proiektua hamarkadetan atzeratu da eta atzeratzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. 2010ean iragarri eta krisi ekonomikoaren argudioarekin bertan behera geratu zen. Geroztik, ez dio benetan berriz heldu, 2018an Zizurkilgo Udalbatzak horrela eskatu zion arren, eta baita lankidetza eskaini ere. Urteotako herritarren protestak ere hor daude, erantzunik gabe”.
Trafikoak gora
Foru Aldundiak 2000 hamarkadan egin zuen trafiko neurketa, baina ordutik, goruntz egin du kopuruak. Udalak, Bulandegi inguruan neurri ezberdinak hartu ditu azken urteotan. Horiek artean, “abiaduraz ohartarazteko gailuak jarri dira legealdi honetan. Gailu horien neurketek adierazi dutenez, gaur egun 13.135 ibilgailu igarotzen da egunero, Bulandegi eta Erniobidea ingurutik. Trafikoak, beraz, gora egin du nabarmen”.
Bulandegiko lanak
Ingurua erosoago egiteko, lan garrantzitsuak egiten ari da Udala eta hori ere aipatzen du urtarrilaren 30ean onartutako mozioak: “Bulandegi ibilbideko lanen lehen zatia egiten ari da Udala, 590.000€ko aurrekontuarekin. Bulandegi bideak sekulako trafikoa jasaten du eta inguru hori bizilagunentzat erosoagoa eta irisgarriagoa egitea da lan hauen helburua, besteak beste espaloiak bi aldeetan ezarriz. Faseka egingo dira ia bi miloi euroko aurrekontua duten lanak, eta aurtengo aurrekontuetan jada aurreikusten da hurrengo fasea idaztea, 2024an egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiari egitasmoa aurkeztu dio Zizurkilgo Udalak baina orain artean ez du Aldundiak diruz laguntzeko urratsik eman”.
Amaitzeko, bi eskaera nagusi zuzendu ditu Zizurkilgo Udalbatzak mozio honen bidez: Batetik, “Gipuzkoako Foru Aldundiak kontuan izan dezala Zizurkilgo ehunka herritarrek bizi duten egoera, trafiko handia dela eta. Saihesbidea premiazkoa da. Elkarlanerako, Zizurkilgo Udalaren eskua luzatzen diogu Aldundiari”. Bestetik, eta saihesbidea gauzatu bitartean, “diruz lagun dezala Bulandegiko hiritartze proiektua, 2024ko aurrekontuetatik aurrera kontuan izan dezala egitasmoa. Bi erakundeen artean bide orri bat marrazteko eskaintza egiten zaio”. Mozioa onartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiari helaraziko dio Zizurkilgo Udalak.