Hurrengo astean hainbat ekintza daude prestatuta Plazida Otaño liburutegian, urriaren 24a Liburutegien Eguna dela eta.
Urriaren 17tik 22ra bitartean, Plazidaren mozorro-jolasa egingo da liburutegian. Arantxa eta Irene liburuzainek Maria Altuna Lizarragak sortutako Plazidaren irudia mozorrotuko dute ipuinetako pertsonaien arroparekin, eta umeek asmatu egin beharko dute zertaz mozorrotuta dagoen. Jolasa 6 eta 10 urte arteko haurrei zuzenduta dago, eta mozorro guztiak asmatzen dituztenei opari bana emango diete Liburutegien Egunean. Horrez gain, urriaren 18, 20 eta 21ean bailarako 3-4 urteko umeek bisita egingo dute Plazida Otaño liburutegira.
Urriaren 18an, asteartean, euskarazko literatura-tertulia izango da, 18:00etan, Plazida Otaño liburutegian Erika Elizariren Zendabalitz liburua oinarri gisa hartuta. Oihana Iguaranek gidatuko du tertulia.
Eta asteari amaiera biribila emateko, irakurketa kolektiboa egingo da urriaren 22an, euskaraz eta gaztelaniaz, goizeko 11:00etan hasita, Plazida Otaño liburutegian. Irene Vallejok idatzi eta Fernando Reyk itzulitako Infinitua ihi batean (El infinito en un junco) liburuaren irakurketa egingo da.