LGBTI+ harrotasunaren eguna da gaur. Genero eta sexu aniztasuna ezagutzera ematea, kolektiboaren eskubideak aitortzea eta jasaten duten diskriminazioa salatzea dira gaurko egunaren helburu nagusiak. Ekaineko osoko batzarrean, LGBTI+ kolektiboaren inguruko mozioa onartu zuen Zizurkilgo Udalak, aho-batez. Eraikin publikoetan, gainera, kolektiboa ordezkatzen duten banderak jarri dira.
Mozioa:
LGTBI+ BIZITZEK BALIO DUTE Maiatzaren 17an, LGTBI+ fobiaren kontrako egunean esaten genuena errepikatzen dugu Ekainaren 28an, LGTBI+ harrotasunaren egunean. Harro gaudelako gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGTBI+ mugimenduaz. Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGTBI+ fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira... eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude. Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu.
Memoriari eskainitako urte honetan, ezinbestekoa da gogoeta egitea LGTBI+ eskubideen aldeko borrokaren memoriari buruz eta LGTBI+ adinekoei buruz, bereziki egoitzetan eta eguneko zentroetan daudenei buruz. Gaur egungo LGTBI+ adinekoak frankismoan gaztaroa bizi izan zutenak dira, eta beraz, beldurra eta errepresioa jasan behar izan zutenak. Erregimenak askatasuna kendu, indarkeriaz tratatu eta kontzentrazio esparrutan zigortu zituen, baita erbestera bidali ere.
Belaunaldi berriengan ere arreta jarri nahi dugu. Ikastetxeek aniztasunerako gune seguruak izan behar dute. Beharrezkoa da ikastetxeetan pedagogia feministetan adituak diren irakasle liberatuak egotea hezkuntza maila guztietan, aniztasuna zeharkakotasuna erabiliz lantzen dena ziurtatuko dutenak, baita ikasleen segurtasuna bermatuko dutenak ere, behar denean protokoloak martxan jarriz.
LGTBI+ kolektiboko kideei aitortza egin nahi diegu kolektiboak gaur egun dituen eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Halaber, ezin da ahanzturan erori aktibistek egin zuten eta egiten diharduten gizarte-eraldaketako lana. Aipatzekoa da, belaunaldi berriak oraindik lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde egiten ari diren lana.
Azkenik, aipamena egin nahi diegu gure lurraldearen mugetatik kanpo borrokan ari eta kolektiboari eragiten dioten Giza Eskubideen urraketen aurka altxatzen direnei.
Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren biziprozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.
Horregatik guztiagatik udalean konpromisoa hartzen dugu, gure herriko LGTBI+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egin, eta honetan oinarritutako ekintza plan integral bat abiatzeko. Prozesu hau, herriko LGTBI+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu eta egon ezean, erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko modua sustatuko dugu.
Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGTBI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, gora Ekainaren 28a!