Ostirala iritsi da, eta asteburu borobila dugu aurrean. Bihar arratsaldean blues doinuak izango dira nagusi Zizurkilen. Ohiko datetara itzulita, indartsu dator aurtengo Blues Gaua. Joan Pau Cumellas eta Paul San Martin-ek zabalduko dute ekitaldia. Bluesaren eszenan erreferentziazko pianista bilakatu da San Martin; Cumellas, berriz, harmonika diatonikoarekin trebetasun handia duen musikari bat da, eta bluesa jazzarekin, countryarekin eta folkarekin fusionatu ohi du
Koko Jean & The Tonics taldeak hartuko du lekukoa. Eszenatoki gainean indar eta erritmo erakustaldia eskaini ohi du Koko Jean abeslariak.
Arratsaldeko 19:00etan hasiko da kontzertua, Joxe Arregi plazako estalpean.
Eta igandean, kirola izango da protagonista. Izan ere, Zizurkilgo I Duatloia izango baita jokoan. Sprint distantzian, Euskadiko zirkuituan sartutako proba da eta, Gipuzkoako txapelketa ere bertan izango da jokoan. 10:30etan hasiko dira lanean emakumeak eta 10:40etan gizonezkoak. Ikuskizun ederra eskainiko dute kirolariek, nola korrika, hala bizikletaren gainean. Kontuan hartu probak irauten duen bitartean aldaketak izango direla trafikoan.