Atzo, martxoak 8, irradaka eta manifestazioa izan ziren protagonista

Martxoak 8 zituen atzo, emakumearen eguna ospatu eta aldarrikapenak aireratzeko eguna.

Ekitaldi ezberdinak egin ziren Aiztondo bailaran barrena eta Zizurkilen, bi hitzordu nagusi izan ziren. 18:45etan irradaka dantzatu zen lehen aldiz. Iaz sortu zuten Zizurkilgo irradaka, baina pandemiaren egoera zela eta, ez zen plazan dantzatzerik izan. Aurten izan da horretarako aukera eta ekitaldi hunkigarria izan zen. Zendu berri den Bernarda Usabiaga izan zuten gogoan herritarrek. Haren erraldoia erdian hartuta, eskutik heldu eta borobil handia osatu zuten emakumeek, irradaka dantzatu eta abesteko. Amaieran, Bernardak San Juan  bezperan abestu ohi zuen kopla abestu zuten elkarrekin.

Irradaka amaituta, bailara mailako manifestazioa abiatu zen Joxe Arregi plazatik Villabona aldera. Ehunka pertsona batu zen manifestaziora.

Villabonako Malkar plazan geldialdia egin zuten, Aiztondoko emakumeen artean egindako inkesta baten erantzunen berri emateko. Emaitza horien arabera, inkesta erantzun zuten emakumeen %97,5ak jasan du eraso matxistaren bat. Datuen berri jasota, aurrera egin zuen manifestazioak. Ilara osatuta sartu ziren Kale Nagusira eta halaxe iritsi ziren Errebote plazara. Hantxe entzun zuten amaierako adierazpena eta baita Amaia Agirrek idatzita hiru bertso, Izar Zelarainen ahotsean.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.