Zizurkilgo Udalak eskola kirolak haurren osasunean duen eragina azpimarratu du. Koronabirusaren seigarren olatuaren inguruan hartutako neurrietako bat izan zen eskola kirolaren etenaldia eta horrek ezinegona sortu du hainbat herritar eta eragilerengan. Azken bi urtetan zehar askotan ikusi dugu haurrek jasaten dituztela neurririk gogorrenak eta halaxe gertatu da oraingoan ere.
Osasun-larrialdi egoeran egonda, kontuan hartu behar dira osasuna sustatzen laguntzen duten jarduerak, hala nola eskola-kirola. Ohitura osasungarriak hartzea errazten du eta baita sozializatzeko alternatibak eskaini ere. Jarduera fisikoa ezinbestekoa da. Une honetan, ordea, debekatua dago kirol-lehia ez profesional edo ez erdi-profesionala eta eskola-kiroleko jarduerak.
Eh Bilduk Gasteizko Ganberan legez besteko proposamena aurkeztu berri du, Lakuako Gobernuari eskatzeko urtarriletik aurrera eskola-kirola berriro egiteko aukera eman dezala, burbuilak mantenduz; espazio irekietan; Aldundi, Udal, klub eta federazioekin lankidetzan; egoera epidemiologikoak eskatzen dituen neurriak betez, eta kluben irizpideak kontuan hartuz. Zizurkilgo Udalak bat egiten du eskakizun horrekin.