Joan zen larunbatean egin UEMAk, urte amaierako batzar nagusia. Bertan elkartu ziren UEMA osatzen duten udalerri euskaldunetako alkateak eta zinegotziak eta, besteak beste, 2021ean egindakoaren balantzea aztertu eta 2022rako egitasmo nagusiak onartu zituzten. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte batzarkideek. Horrela, Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal ere UEMAko kide dira. UEMAko kide da Zizurkil ere, eta lerrootatik, ongi-etorria eman nahi diete lau kide berriei.
Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Gaur egun 94 dira.