Interes Publiko Goreneko Proiektuen erregulazio berriari buruzko mozioa onartu du Udalak

Joan den astelehenan egindako osoko bilkuran, honako mozioa onartu zuen Zizurkilgo Udalak, EHBilduren aldeko bozkekin:

"Gaur egun, Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektua izapidetzen ari da Eusko Legebiltzarrean, eta zuzenketak aurkeztu ondoren, Legebiltzarreko prozeduraren fase aurreratuan dago, epe laburrean onartu dadin.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege-proiektuari aurkeztutako zuzenketetariko baten xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legea aldatu eta figura berri bat arautzea da, hau da, PIPS edo Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura sortzea.

Aldaketa horren bidez, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio ustezko ingurumen-hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko, baldin eta sustapen publikoa badago, hala nola, energia berriztagarriak sortzeko proiektuak, zabortegiak, araztegiak, erauzketa-proiektuak, etab. Gainera, ez zaie aterik ixten beste proiektu mota batzuei, hala nola ekipamendu handiei edo bestelakoei, baldin eta ingurumenaren aldetik nolabaiteko justifikazioa badute (eremu degradatu batean planteatutako ia edozein proiektu, esaterako, antzinako hondakindegi batean golf-zelai bat...).

IPGP izendapen horrek lurralde-antolamenduko eta hirigintza-plangintzako tresna guztiak azpiegitura berrira egokitu beharra ekarriko du, hau da, IPGPak, herritarren parte-hartzearekin eginiko udalen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrei inposatu egingo zaizkie, balizko interes orokorreko proiektu horiek toki-eremuko administrazio publikoen irizpidearen aurkakoak izan arren; zentzu horretan IPGPak HAPOa baliogabetu egingo du. Are gehiago, Lurralde Antolamenduaren Legearen aldaketa honek toki-erakundeen prebentzio-kontrolerako ahala ere baliogabetzen du.

"IPGP" figura, beraz, lurralde- eta hirigintza-plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat da. Toki-eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzea, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko.

Kezka handiz ikusten dugu Ingurumen Administrazioaren Legea laster baldintza horietan onartu ahal izatea. Hori dela eta, Zizurkilgo Euskal Herria Bildu Udal Taldeak honako mozio hau aurkeztu du Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartzeko:

 

1. Zizurkilgo Udalaren Osoko Bilkurak adierazten du Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurka dagoela, eta baita ere, gure udalen toki-autonomiarentzat kaltegarria den eta gure toki-demokrazia urratzen duen beste edozein tresnaren aurka dagoela.

2. Zizurkilgo Udaleko Osoko Bilkurak EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteari eskatzen dio, udalen udal-interesa defendatzeko, jendaurrean adieraz dezala aurka dagoela eta dagozkion kudeaketa guztiak egin ditzala Lurralde Antolamenduari buruzko Legea aurreko puntuan deskribatutako moduan alda ez dadin."

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.