Herritarrei mezua, asteburuetako gertakarien harira

Bando honen bidez Zizurkilgo Udalak salatu egin nahi ditu azken hilabeteotako asteburu gehiegitan Elbarrenako erdigunean, estalpean eta inguruetan gertatu direnak.

Pandemiaren inguruko neurriak arintzen hasi zirenean, baina oraindik tabernak gauez itxita zeudela, Joxe Arregi plazako estalpea bilgune gisa hartu zuten hainbat gazte taldek. Itxialdi luzearen ostean, ulergarria da elkartzeko gogoa izatea, baina berehala hasi ziren arazoak: Goizaldera arte eurek ekarritako bafleekin musika jarri eta herri altzarien lehen txikizioak eman ziren. Geroztik, asteburu ugaritan galarazi zaie bizilagunei deskantsua eta kalteak zenbatzen ere ez dago erraz: herri altzariak hondatu, etxebizitzetara gauzak jaurti, kaleetako 20 seinale baino gehiago hautsi, argi indar koadroaren atea ere behin baino gehiagotan lehertu dute horrek dakarren arriskuarekin…

Eragile ezberdinekin harremanetan gaude gertatzen ari dena aztertzeko. Herri txikia gara, Zizurkilgo Udalak ez du bitartekorik larunbat gauetan gertatzen dena kontrolatzeko. Baina herri txikia izateak ez du esan nahi edozer gauza onartu behar dugunik. Ulertzen eta babesten dugu elkartzeko eta ondo pasatzeko gogoa izatea, baina inola ere ez bizilagunak jasaten ari direna eta txikizio ulertezin hau. Festa zentzuz egiteko eskaria luzatu nahi dugu eta babesa adierazten diegu Elbarrena erdiguneko bizilagunei.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.