Harrera beroa jaso dute TAKeko arraunlariek

Handia egin dute Tolosaldea Arraun Klubeko emakumeek. ETE mailako denboraldia lehen postuan amaitu zuten eta horrek, lehen mailara igotzeko play offerako txartela eman zien Tolosaldeako emakumeei. Asteburu honetan jokatu da play offa, bi jardunalditan banatuta. Bermeon aritu ziren larunbatean, Portugaleten igandean. Bi estropadatan lan bikaina egin zuten TAKeko arraunlariek eta garaipena lortuta, datorren denboraldian Eusko Tren Ligan arituko dira.

Harrera beroa jaso zuten atzo, Tolosako udaletxean. Bertan ziren eskualdeko udaletako ordezkariak, taldeko kideek urte hauetan guztietan egin duten lana txalotu, zoriondu eta eskertzeko. Denboraldian zehar irabazitako bandera guztiak udaletxeko balkoietan jarri zituzten eta arraunlariek haiek astintzeko aukera ere izan zuten. Pozak hartu zuen plaza eta txalo zaparrada artean joan zen ekitaldia.

Denboraldi borobilari amaiera beroa eman zioten Tolosan. Atseden hartu eta egindako guztiaz gozatzeko momentua iritsi zaie kirolariei. Datorren denboraldian onenen artean arituko dira.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.