Joan den asteburuko estropada irabazita, matematikoki ligako txapeldunak dira Tolosaldea Arraun Klubeko neskak. Denboraldi bikaina egiten ari dira emakume gazteak eta dagoeneko, 10 garaipen lortu dituzte denboraldi honetan.
Datorren asteburuan jokatuko dute denboraldiko azken estropada Erandion. Liga poltsikoratu dute dagoeneko, baina denboraldiko azken bandera etxeratzeko asmoz joango dira eskualdeko gazteak. Iaz ere ETE Ligako txapeldun izatea lortu zuten TAKeko emakumeek. Urte luzetan egindako lanak bere fruituak eman ditu, beraz.
Horrez gain, irailaren 1ean Kontxako Banderaren sailkapen estropada izango dute. Iaz ohorezko txandan lehiatzeko aukera izan zuten lan bikaina eginez.
Zizurkilgo Udalak zorionik beroenak luzatu nahi dizkie Tolosaldeko Arraun Klubeko emakumeei.