Intxaur pelota txapelketaren amaiera bikaina

Intxaur pelota txapelketako finalak jokatu ziren igandean Zizurkilen. Giro ederra sortu zen Intxaur pilotalekuan eta txapelketak amaiera ikusgarria izan zuen. Gogoz zeuden zaletuak, eta pelotariek ikuskizun ederra eskaini zuten. Festa borobiltzeko, Julen Alberdi herritarrak txapela eskuratu zuen helduen mailako finalean.

Jubenil mailako pelotarien eman zioten hasiera ikuskizunari. Eskuz binaka aritu ziren eta partida polita eskaini zuten Egiguren-Olaizola eta Albeniz-Oliaiz bikoteek. Arratsaldeko 19:00etan hasi zen lehia, eta ordurako, zaletu asko zegoen pilotalekuan. Sarrera guztiak agortuta, sartu ezinik geratu zenik ere izan zen. Gerriko gorri zuen bikoteak lortu zuen garaipena, 22-9.

Ondoren hasi ziren Intxaur txapelketako finalak. Promesa mailan, Unai Alberdi eta Jorge Fernandez ziren nor baino nor. Alberdi gazteak oso indartsu ekin zion lehiari eta alde handia lortu zuen partidaren hasieran. Jorge Fernandezek, ordea, partida parekatzen joatea lortu zuen. Partida bizia jokatu zuten biek ere, oso tanto politak eskainiz. 22 eta 18koa izan zen azken emaitza, Alberdiren alde.

Elite mailan, Julen Alberdi eta Iñaki Elola ziren aurrez aurre. Alberdi gazteak ez zituen herritarren eta lagunen txaloak falta izan. Txapelketako lehen partida tanto bakarreko aldeagatik irabazi zuen zizurkildarrak, ia partida osoan atzetik joan ondoren. Txapelketan aurrera eginda, finalerako sailkatu zen. Partida ikusgarria jokatu zuen Alberdik, aurkariari aukera gutxi utziaz. 22-7ko emaitzaz, herrian geratu zen txapela.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.