Villabona aldeko mugarriak ezagutzeko irteera, ederra

Gaur goizean egin dute Zizurkil eta Villabona arteko muga markatzen duten mugarriak ikusteko ibilaldia. Ibilaldiaren hasieran euri pixka bat izan badute, eguraldi txukuna izan dute bidelagun, eguerdia arteko irteera politean.

Joxe Arregi plazan eman diote hasiera irteerari, eta Zubiaurretxora ingururatuta, Oria ibaiaren ertzetik jarraitu dute, lehen muga ikusteko. Ibaiak egiten du muga puntu horretan, eta ez dago mugarri fisikorik. Ugare auzoan barrena, Fraisoro aldera igo dira ibiltariak. Usurbil aldeko irteeran bezala, talde oparoa bildu da gaurkoan ere. Bidean gora, hainbat mugarri bisitatu ditu taldeak eta tartean, baita Laumugarrietako mugarria ere. Asteasu, Anoeta, Villabona eta Zizurkilen arteko mugarria da Laumugarrietakoa. Ia lur-azpian izkutatuta egin ditu hainbat urte eta duela aste gutxi bistaratu zuten, lau herrietako alkateak bertan zirela.

Teodoro Hernandorena elkarteko kideek gidatu dute gaurko ibilbidea eta mugarrien inguruko azalpenak eskaini dituzte

Laumugarrietako mugarria ikusita, Abetako gainera igo dira eta handik, Ugarte baserrira inguratu dira. Guztira, 14 mugarri ikusi dituzte irteeran parte hartu dutenek. Goiz ederra izan da gaurkoa ere.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.