Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izantea onartu du gaur Zizurkilgo Udalak, osoko bilkuran. UEMAko batzar nagusiak onartzen duenean, UEMAko 90. kidea izango da Zizurkil.
EHBilduren aldeko bozkekin (5), EAJ-PNVren abstentzioa (2) eta PSOE-ren kontrako bozkarekin (1), Mankomunitateko kide izateko erabakia onartu du udalak.
1991 urtean 17 udal elkartu ziren UEMA mankomunitatea osatzeko; egun, 88 udalerrik osatzen dute. MArtxoan AMasa-Villabonak ere onartu zuen mankomunitateko kide izatea eta maiatzeko batzar nagusian onartu ondoren, UEMAko 90. herria izango da Zizurkil. Herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten du mankomunitateak. Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea ere bada UEMAren helburu. Eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, euskara hutsean funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek. Bide horretan laguntzeko hainbat baliabide eskaintzen dizkie UEMAk udalei. Horrez gain, eta erakunde mailatik haratago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzu eta baliabide ezberdinak ere eskaintzen ditu mankomunitateak.
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainak, diru-laguntzen tramitazioa, euskararen transmisioari lotutako baliabideak, iritsi berriak euskalduntzeko kanpainak, neurketa soziolinguistikoak, merkatariei zuzendutako itzulpen lanak, euskarari lotutako baliabideak eskura jartzea… herritarrei zuzendutako baliabide asko eta asko eskaintzen du UEMAk.
Euskal Herrian barrena sakabanatuta eta neurriz ere ezberdinak izan arren, elkarren artean antzekotasun handiak dituzten herriz osatuta dago: berezko hizkuntzak batzen ditu. UEMAko udalerrietan biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz. Zizurkilen kasuan, biztanleen %76k daki euskaraz. UEMA-ko kide izateko erabakia hartu du Udalak gaurko osoko bilkuran. Euskararen normalizazioan sakontzako pausoa eman du modu horretan gure herriak.