Laumugarrietako mugarria bistaratu dute

Zizurkilgo Teodoro Hernandorena Kultur taldea lanketa berezia egiten ari da herriko mugarrien inguruan. Bide horretan, Aranzadi Zientzia elkarteko Joseba Alonso eta Jabi Castroren lankidetza ere izan dute.  1871an jarritako mugarri zahara lur azpitik atera, eta bistan jarri zuten apirilaren 21eko ekitaldian. Zalberro izeneko parajean dago Laumugarrieta eta Amasa-Villabona, Anoeta, Asteasu eta Zizurkil arteko muga markatzen du. Ia erabat estalita zegoen, Teodoro Hernandorena taldeko kideek aurkitu eta azaleratu zuten arte.

1683an jarri zuten lehen mugarria Zalberro inguruan. Hernandorena taldeko kide den Joxin Azkuek azaldu zuenez, “1615. urtean, Zizurkil eta Anoetak Tolosarengatik banandu eta hiribildu titulua eskuratu zuten. Amasak ere urte horretan eskuratu zuen independentzia eta lau urte beranduago, 1619an bat egin zuen Villabonarekin. Asteasu, berriz, lehenago Tolosarengandik bereizita egon arren, 1639ra arte ez zuen erabateko burujabetzarik lortu”. 1683an, lau udalerrietako alkateak elkartu, eta Laumugarrietako mugarria jartzeko erabakia hartu zuten.

1871an, lehen mugarri hura hautsita zegoela eta, mugarri berria jartzeko erabakia hartu zuten lau herriek eta horixe da bistaratu dutena. Harri handia da Laumugarrietakoa, kana bateko garaiera duena (85 zm). Gaikaldean, herri bakoitzaren inizialak irakur daitezke eta nabarmenak dira mugak nondik nora doazen adierazten duten marrak ere.

Apirilaren 21eko ekitaldian, Zizurkilgo baserri bateko teila zaharra puskatu, eta alkate bakoitzak puska bana jarri zuen, bere herriko mugan. Margo gorriz, alkate bakoitzak bere herriari dagokion hizkia margotu zuen eta ekitaldiari amaiera emateko, taldeko argazkia atera zuten.

150 urteko harria bista da berriz ere. Laumugarrietako harria ezezik, mugarri guztiak balioan jartzen ari dira Teodoro Hernandorena taldeko kideak eta maiatzean zehar, haiek ezagutzeko ekitaldi ezberdinak antolatuko dituzte.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.