Badira aste batzuk Ombuaren itzala filma egiteko ekimena aurkeztu zutela. EguzkiArt ekoiztetxeak abiarazi du proiektua eta Patxi Bisquert du bultzatzaile nagusia.
Pello Mari Otañoren bizitza eta lana biltzea da filmaren helburua, baita urte haietako testuingurua islatzea ere. Dagoeneko prest dago filmaren gidoi nagusia eta hura ekoizteko kronograma ere finkatuta dago. Zenbait aste barru egingo dituzte lehen grabaketa lanak, Argentinan. Hango neguko irudiak hartu nahi dituzte, eta garrantzitsua da garai egokian joatea. Horretarako behar duten dirua biltzeko lanetan ari dira orain ekimeneko bultzatzaileak eta auzolan ekimena jarri dute martxan.
Ombuaren itzala filma izango dena ikusteko sarrerak salgai daude, 10 euroren truke. Zizurkilen, hainbat gunetan jarri dituzte salgai: udaletxean, liburutegian, Iriarte, Egarrin eta Hernandorena kultur elkarteko kideei eskatuta. SArrerak eskuratuta, filmaketa lanak babes daitezke eta, etorkizunean, gure herriko bertsolari eta poetaren figura hobeto ezagutzen lagunduko duen filma ikusi ahal izango dugu.