Irati Egibarrek garatu du "Zizurkilgo kirolariak historian zehar" lana, Udalak emandako bekaren bidez

 

Irati Egibar Izeta gazte zizurkildarrak garatu du Zizurkilgo kirolarien inguruko ikerketa lana. Udalak emandako bekari esker egin ahal izan du azterketa hori eta dagoeneko amaitu du bere lana. Iratik berak azaldu diru lanaren nondik norakoak:

 

- Nolakoa izan da ikerketa lanaren prozesua?

- Lanaren hasieran, ondo bereiztu nahi izan nituen kirola, jolasa eta jokoa. Izan ere, hiru arlo horietako adibideak aurki zitezkeen herrian, eta hirurak ondo bereizi nahi nituen. Bestalde, Hasieratik garbi izan nuen jendearen partaidetzarekin osatu nahi nuela lan hau. Horretarako, blog bat ireki nuen. Nire aurkikuntzen berri ematen nuen bertan eta edonork gainera zezakeen informazio berria.

Lan honetan garrantzia ikaragarria izan dute jasotako testigantzek. Herriko kirolariak elkarrizketatu ditut, eta baita elkarteetako kideak ere. Teodoro Mujika izan zen lehen elkarrizketatua; historian zehar egin izan diren kirol eta kirolariei buruz hitz egin zuen hark eta oso pasadizo politak kontatu zituen. Esaterako, Teodorok azaldu zidan Pello Mari Otañoren irudiaren sudurra pilotakada batez hautsi zela.

Genero ikuspegia ere kontuan hartu nahi izan dut nire lanean izan ere, emakume kirolari asko dago Zizurkilen eta, orokorrean gertatzen den bezala, zailtasun handiagoak dituzte emakume izate hutsagatik.

Gurasok sortutako eskola kirolari ere garrantzia berezia eman nahi izan diot. Umeen kirola sustatzeko egiten den bolondres lan hori aipatu nahi izan dut.

 

- Nola izan duzu herriko kirolarien berri?

- Oso prozesu aberasgarria izan da. Edozein kirolari elkarrizketatzean, beste bi edo hiruren izenak ateratzen ziren. Kate modukoa osatu dugu guztion artean. Ikaragarrizko prestutasuna erakutsi dute nire galderak erantzuteko eta hori bereziki eskertu nahi nuke. Herriarentzat egindako lana izan da eta jendeak oso jarrera ona erakutsi du, oso gustura aritu naiz.

 

- Zizurkildarra zara. Herriko kirola eta kirolariak aztertzeko garaian, aurkitu al duzu espero ez zenuenik? Ezustekorik izan al duzu?

- Egia esan, bai. Teodoro Mujikak esandakoak ez nituen ezagutzen, esaterako. Herrian bolatokiak zeudela, edo borroka greko-romanoa ere egin izan zela... Nola pentsatuko nuen nik horrelakorik? Pilota, herri-kirolak... horrelakoak espero nituen, baina ezusteko polita izan da gure herrian  kirol arloa ere hain anitza dela ikustea.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.