Ubareko bizilagunekin prozesu parte hartzailea garatzen ari da Udala

Udala Ubare auzoko bizilagunekin bildu da eta aparkalekuen arazoa bertatik bertara aztertu du. Izan ere, urte asko daramatzate Ubareko bizilagunek aparkalekuekin duten arazoa konpontzeko neurriak eskatzen. Hori dela eta, begi onez hartu dute bertako aparkalekuak herritarrentzat erreserbatzeko Udalak egin dien proposamena. “Ubaren 124 plaza daude eta 206 kotxe. Etxepe guztietan garajeak daudela kontutan hartuta, nahikoa izan beharko litzateke. Baina auzoaren kokapena da arazoaren iturburua: Alde batean Villabona dauka, eta beste aldean tren geltokia. Batera edo bestera doazenek Ubaren uzten dute egun osorako autoa”, azaldu du Leire Zubeldia Komunikazio zinegotziak. Udalaren helburua bizilagunek etxe inguruan autoa uzteko aukera izatea da, bertakoen bizi kalitatea hobetzeko.

Egoiliar txartela

Proposamena sinplea da: “Eskaeren araberako aparkaleku kopuru bat bertako egoiliarrentzako erreserbatua egongo da, eguneko 24 orduetan. Eta erreserbatuak geratzen ez diren plazak ordutegi mugatua izango dute. Azken hauetan edonork aparkatu ahal izango du, baina ordu beterako gehienez. Aparkaleku erreserbatuetan berriz, egoiliar txartela dutenek soilik utzi ahal izango dute autoa”, dio Zubeldiak. Egoiliar txartela berriz, autoaren zerga Zizurkilen ordaintzen dutenek eskatu ahal izango dute soilik urteko kuota baten truke.

Izena emateko epea

Ekainaren 16tik 20ra arteko astean bildu ziren Udal ordezkariak Ubareko auzotarrekin. Oro har, gehiengoa konforme dago Udalak egindako proposamenarekin eta ondorioz aurrera jarraitzea erabaki du Udal gobernuak. “Hurrengo pausoa, egoilarrentzako aparkalekuen eskaera zehatza jakitea izango da. Uztaila hasieran 15 eguneko epea irekiko dugu bizilagunek izena eman dezaten. Udaletxean edo udal bulegoetan egin ahal izango da”. Egiten den eskaera kopuruaren arabera Udalak ordenantza prestatu eta udazkenean beste batzar ireki batean aurkeztuko die herritarrei. Egin beharreko azken aldaketekin, urtea amaitzerako sistema berria martxan jartzea espero da.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.