Agenda

Atzealdea Zizurkilgo kulturgintza Euskal Herriko esperientzietatik ikasten

18:00 / ATXULONDO
29 / 01

Zizurkilgo kulturgintza: Euskal Herriko esperientzietatik ikasten

Zizurkilgo Udalak “Zizurkilgo kulturgintza: Euskal Herriko esperientzietatik ikasten” hitzaldia antolatu du, herriko euskarazko kultur ekosistemaren egoeraren inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko helburuarekin.

Azken urteotan, gizartean gero eta handiagoa da kontzertu eta ekimen masiboetarako joera, eta, aldi berean, herrietako kultur aretoak betetzea gero eta zailagoa bihurtu da. Horrez gain, haur eta gazteei transmititzen zaien kultur eredua ere kezka iturri da. Testuinguru horretan, hitzaldiak kultur ohiturak, euskarazko kultur transmisioa eta kultur ekosistemaren osasuna izango ditu ardatz.

Euskara eta bere kulturgintza estuki lotuta daude. Ikerketa soziolinguistiko berrienek erakusten dutenez, euskararen ahulgune nagusia gaitasun falta da, eta indargune nagusia, berriz, atxikimendu afektiboa. Euskarazko kulturgintzak, hain zuzen ere, hizkuntzaren erabilera eta trebakuntza sustatzen ditu, eta lotura afektibo hori indartzen laguntzen du.

Hori guztia kontuan hartuta, hitzaldian ondorengo galderak jorratuko dira:

  • Zein da euskarazko kulturgintzaren erronka nagusia?
  • Zein eragin du kulturgintzak euskararen biziberritzean?
  • Beste herri batzuetako esperientziek balio dute Zizurkilerako?

Hitzaldia Gotzon Barandiaranek eskainiko du, eta euskarazko kulturgintzan interesa duten sortzaile, antolatzaile, hezitzaile, kulturzale eta herritar orori zuzenduta dago.

Nor da Gotzon Barandiaran?

Gotzon Barandiaran Arteaga (Larrabetzu, 1974) euskarazko kulturgintzaren langile eta sortzaile ezaguna da. Idazlea, kultur eragilea eta dinamizatzailea, urte luzez Euskal Herriko kultur ekosistemaren garapenean eta transmisioan aritua.

Literaturan, poesian, saiakeran eta antzerkian lan egindakoa da, eta hainbat liburu argitaratu ditu Susa argitaletxearekin, besteak beste Errotik, Gidariaren okerra edo Galbahea. Aldi berean, musika eta literatura uztartzen dituzten proiektuetan ere parte hartu du.

Euskarazko kulturgintzaren alorrean, Ahotsenea, Literaturia, LITERATURA ESKOLA, JALGI edo Sormene bezalako egitasmoen sortzaile edo koordinatzaile izan da, eta gaur egun ere kultur transmisioa lantzen dihardu, besteak beste Musikariak Ikastetxeetan programaren koordinatzaile gisa.

Bere ibilbideak sorkuntza, antolakuntza eta hausnarketa uztartzen ditu, betiere euskarazko kultur ekosistemaren osasuna ardatz hartuta.