Eduki publikatzailea

Hemen dira 2024ko Zizurkilgo Jaiak

Zizurkilgo Festa Batzordeak jai egitarau bete-betea eta partehartzailea osatu du

2024·08·29


Zizurkilgo jaiak ate joka ditugu, jaien hasiera ofiziala hilaren 4an izango bada ere asteburuan hasiko dira festen atariko ekitaldiak. Larunbatean sartuko da Zizurkil festa giroan, abuztuaren 31n, Urkamendi elkartean Sustrai Colina eta Oihana Iguaran, Igotz Alkorta gai-jartzaile dutela egingo den bertso-afariarekin. Biharamunean, irailaren 1ean, igandean moto eta kotxe klasikoen topaketa izango da eta irailaren 3an Zizurkilgo XV. Kros Mistoa jokatuko da.

Zizurkilgo jaien hasiera ofiziala hilaren 4an izango da txupinazoarekin. Aurten, Aiztondo Neskide Kirol Taldeko ordezkariek izango dute suziria botatzeko ardura. Jaiak 6 egunez ospatuko dira, urtero bezala Zizurkilgo Festa Batzordeak egitarau bete betea eta parte hartzailea osatu du. Urtero arrakasta handia duten ekintzak, karaokea, bertso saioa, mozorro lehiaketa, erraldoi eta buruhandiak, sagardo eta sardina dastaketa edo haurrentzako jolasak…ez dira faltako. Aurtengo berrikuntzetako bat, irailaren 7an Bingoaren ordez, bailarako Arrixku taldearen emanaldia izango da.

Ikusi 2024ko Jaien egitaraua

Errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako jaiak

Festa eremu nagusia garbi eta txukun mantentzeko helburuarekin eta herritarren eskaerari erantzunez, aurten bi komun ezarriko dira festa eremuan, ain zuzen ere plazaren bi alboetan.

Komunen kokalekuaren planoa

Halaber, zero zabor filosofiarekin jarraituz udalak 1800 edalontzi berrerabilgarri eman dizkio Festa Batzordeari eta urtero bezala brigadako eta garbiketako langileak Festa Batzordeko bolondresekin elkarlanean arituko dira herria garbi eta txukun mantentzeko

Azken urteetan egin den moduan, aurten ere mahaiak eta aulkiak egongo dira plazan erabilgarri bertan afaldu nahi dutenentzat herritarrentzat..

Eraso sexisten protokola

Zizurkilgo udalak argi adierazi nahi du jaietan ez dela inolako eraso sexistarik onartuko. Azken urteetan gizarte eragileekin osatutako ‘Indarkeria matxistaren kontrako protokoloa’ azaltzen duten eskuorriak tabernetan egongo dira eskuragarri. Indarkeria matxista pairatzen dutenei babesa eta arreta egokia eskaintzeko sortutako protokola da hau, eraso matxistaren bat pairatu edo ikusiz gero nola jokatu argitzen duena.

Barraka inklusiboak eta euskal girokoak

Aurten, barraka gunea ahalik eta esparrurik inklusiboena izan dadin eta aniztasun funtzionala duten haurrak barraketan lasai ibili ahal zaiteko, irailaren 6an eta 9an 17:00etatik 19:00etara ez da musikarik ez eta argirik jarriko. Modu horretan, haur guztiei espazio horretaz gozatzeko aukera zabalduz.

Horrez gain, ferianteekin barraken prezio herrikoiak adostu dira festa guztietan zehar, mugitzen diren atrakzioen prezioa 2,00 eurokoa izango da eta 6 bidaien prezioa 10 eurokoa. Haurren egunean, irailaren 5ean, arratsaldean 17:00etatik 21:00etara, mugitzen diren atrakzioen prezioa euro batekoa izango da. Bestetik, gure festetan euskararen presentzia indartzen jarraitzeko, barraka gunean euskal musika entzungo da eta kartel guztiak euskaraz idatzita egongo dira.

Trafiko oharrak

Festetako barraka eremua Aizpuruako parkinean izango denez, astelehena, irailak 2, goizeko 07:00tatik hasita Aizpuruako parkinean aparkatzea debekatua izango da. Bestalde, igandean, irailak 1, goizeko 07:00tatik hasita Ernio bidea atzealdean eta RENFEko parkinean aparkatzea debekatua izango da, Moto eta kotxe klasikoen topaketa bertan izango bait da. Irailaren 3an, asteartean, Kros Mistoa dela eta, Ugare Auzoko, Aurrera plazako eta Ernio Bidea, 10 zenbakiraino, sarrera-irteerak zirkulazioari itxita geratuko dira.

ZAINDU ZURE BURUA, ZAINDU DEZAGUN ELKAR ETA ZAINDU HERRIA ZEIN INGURUA.

GORA ZIZURKILGO JAIAK!