Eduki publikatzailea
Atzealdea Lorezaintza talde berria lanean hasi da
2025·10·09

Zizurkilgo berdeguneak zaindu eta eder mantentzeko, Gureak taldeko langileak urria hastearekin batera hasi dira lanean. Lorezaintza zerbitzua eskaintzeko kontratazio honetan, Udalak lehentasuna eman nahi izan die gizarte-ekimeneko enplegu zentro bereziei eta laneratzeko enpresei, aukera berriak eskaini eta enplegua eta aukera berdintasuna bultzatzeko.
Talde berria herrian izan zen Maite Amenabar alkatearekin, Ainhoa Azpeitia nekazaritza teknikariarekin eta Urko Sorozabal brigada buruarekin. Alkateak ongietorria egin die, eta udalaren konfiantza eta babes osoa adierazi: “Zoragarria da halako talde handi bat gure herrian lanean ikustea. Konfiantza osoa dugu zuen profesionaltasunean, eta ziur gaude herritarrek ere ikusiko dutela zuen lana”. Taldea enkargatu batek eta bi ofizialek gidatuko dute, eta gainerako langileek lorezaintzan urteetako esperientzia dute.
Lehen lanak herrigunean hasi dituzte, igandeko Azoka Berezirako eremua prest uzteko. Ondoren, kanposantura bidean jarraituko dute, herritarrek Santu Guztien Egunean ingurua zainduta eta txukun aurki dezaten.
Zizurkilek, beraz, herria zaindu eta edertzeaz gain, inklusioa eta aukera berdintasuna lehenesten dituen lorezaintza zerbitzua izango du aurrerantzean.
