Eduki publikatzailea

Atzealdea Edukiontziak erre dituzte berriro ere Elbarrenan

Bart gauean, Zalduako biribilguneko edukiontziak erre dituzte.

2025·10·08


Bart gauean, Zalduako biribilguneko edukiontziak erre dituzte. Sua handia izan da, eta inguruko bizilagunen, etxebizitzen eta bertatik igarotzen zen trafikoaren segurtasuna arriskuan jarri da. Zizurkilgo Udaletik haserre eta kezka handiz salatu nahi dugu gertatutakoa. “Horrelako jokabide arduragabe eta onartezinek ez dute tokirik gure herrian”, azpimarratu du Maite Amenabar alkateak.

Uztailaren hasieratik hirugarren aldia da kale-edukiontziak erre dituztela Zizurkilen. “Ezin dugu onartu jarrera bortitz eta suntsitzaile hau, herriaren garbitasunari, ekonomia publikoari eta bizilagunen lasaitasunari zuzenean erasotzen baitio. Ekintza arduragabe eta arriskutsua da, eta ez dugu inolaz ere onartuko. Herritarren segurtasuna gure lehentasuna da, eta guztion ardura da gure herria errespetuz eta arduraz zaintzea” adierazi du Amenabarrek.

Udalak herritarrei gogorarazi nahi die edozein mugimendu susmagarri ikusiz gero, berehala jakinarazteko Udaltzaingoari edo Ertzaintzari.

Zizurkil guztiona da, eta guztion artean zaindu behar dugu.