Eduki publikatzailea
Atzealdea Artisautza eta nekazaritza azoka berezia Zizurkilen
2025·10·06

Igande honetan, urriaren 12an, urteko hitzordu berezia ospatuko da Zizurkilen 27. artisautza eta nekazaritza azokaren edizioarekin. Urtez urte herritarren eta bisitarien artean arrakasta handia duen hitzordu honek, beste behin ere, bertako artisau eta nekazarien lana balioan jarriko du, eta tokiko produktuaren kalitatea eta gertutasuna azpimarratuko ditu.
Goizeko 10:30etik 14:30era, Zizurkil eta Euskal Herriko hainbat txokotako 40 postu inguru izango dira herrigunean. Diziplina anitzeko artisauak bilduko dira, hala nola bitxigintzan, egurgintzan, larrugintzan, zeramikan, ehungintzan, ilustrazioan edo kosmetikan dihardutenak. Horiez gain, nekazarien ekoizpenak dastatu eta erosteko aukera izango da: gaztak, arrautzak, barazkiak, kontserbak eta bestelako jaki goxoak.
“Urtez urte artisau eta nekazarien lanari aitortza egiten diogu, baina batez ere, gure sustraiei eusten diegu. Lurrari, bertako produktuari, eskuz eginikoari… balioa ematea ez da iragana zaintzea bakarrik; etorkizuna eraikitzea ere bada. Zizurkilgo Azoka Berezia horren erakusgarri da”, azpimarratu du Maite Amenabar Alkorta alkateak.
Ainhoa Larrea udal teknikariaren hitzetan, “azoka aukera ona da bertako ekoizleen produktuak ezagutzeko eta haien lanari balioa emateko. Tokiko ekoizpena sustatzeak, azken batean, gure ekonomiari eta ingurumenari mesede egiten dio”. “Azokan erostea, bertako produktua erostea, ez dadila ohitura zahar bat izan!”, nabarmendu du Larreak.
Nekazari eta artisau postuez gain, egitarau zabala izango da adin guztietarako jarduerekin. Gipuzkoako Pottokazaleen Elkartearen eskutik, haurrek San Millango zelaian pottoka gainean ibiltzeko aukera izango dute. Jarduera horren bidez, txikienek pottoka arraza bereziaren ezaugarriak eta gure ondare natural eta kulturalaren balioa ezagutuko dituzte.
Doako autobus zerbitzua
Azoka egunean bisitari ugari espero denez, udalak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin du. Elbarrenatik herrigunera doako autobus zerbitzu berezia eskainiko da 10:15etik 15:00etara, etengabeko joan-etorriekin. Autobusak Bulandegiko (Zalduako) biribilgunean eta Zubiaurretxoko bidegurutzean egingo ditu geldialdiak, herrigunera igo aurretik.
Eguneko egitaraua
- 10:30 – 14:30: Baserriko produktuen eta artisauen postuak herrigunean zehar
- 11:00 – 13:00: Umeentzako jolasak
- 12:00: Eskola txikien jaialdiko logoaren aurkezpena, Pedro Mari Otaño plazan
- 12:15 – 14:00: Haurrentzat pottoketan ibiltzeko aukera, Gipuzkoako Pottokazaleen Elkartearen laguntzarekin, San Millango zelaian
- 12:15 – 14:00: Joskintza tailerra eta hennazko tatuajeak
- 12:30: Plaza dantza gidatuak
- 14:30: Herri bazkaria Plazetxeberrin
- Bazkalostean: Euskal kantu saioa Olaia Toralekin
Eskola txikien festa 2026an Zizurkilen
Azokako giroan aurkeztuko da 2026ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren logo berria. 12:00etan izango da ekitaldia, Pedro Mari Otaño plazan. Datorren ekainaren 14an ospatuko da festa Zizurkilen, eta Mendigain eskolako haur, guraso zein irakasleak burubelarri ari dira prestaketa lanetan. Aurkezpen-ekitaldiak “Eskola txikiak bizirik” leloa izango du ardatz, hezkuntza komunitatearen ilusioa, indarra eta herrigintzarekiko konpromisoa nabarmenduz.
