Eduki publikatzailea
Atzealdea Mugikortasun jasangarriago baten aldeko urratsak, Zizurkilen
2025·09·17

Zizurkilgo Udalak herritarren eguneroko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanean jarraitzen du. Azken hilabeteetan emandako urrats guztiak helburu argi bati erantzuten diote: autoaren erabilera murriztea, oinezkoentzako segurtasuna eta erosotasuna bermatzea, eta garraio publikoa indartzea.
Maite Amenabar alkateak nabarmendu duenez, “Zizurkilen Europako Mugikortasun Astearekin bat egiten dugu, baina mugikortasun jasangarria ez da une jakin bateko kontua soilik; gure herriaren etorkizuna da. Horregatik, urrats sendoak ematen ari gara, herritarren egunerokoa errazteko, garraio publikoa indartzeko eta ingurumena errespetatzen duen Zizurkil eraikitzeko”.
Hori dela eta, Bulandegiko irisgarritasun planaren lehen faseko bigarren zatiko obrak martxan daude jada. Planari esker, espaloi berria egingo da Kaixo aurrean eta lehendik zegoena zabalduko da Pasus Berri etxe aurrean, herriaren erdigunean oinezkoei lehentasuna eta segurtasuna emateko.
Oinezkoentzako bide seguru eta irisgarriak egiteaz gain, herrian garraio publiko zerbitzua hobetzeko hainbat eskaera egin dizkio Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailari. “Neurri horietako batzuk onartu dira jada, eta asko hobetuko dute herritarren bizi-kalitatea”, nabarmendu du Amenabarrek.
- TO22E linea: Goizean institutura joaten diren gazteek eskaripeko autobus zerbitzua izango dute hemendik aurrera. Zerbitzu honek Asteasutik abiatzen den autobusarekin lotura egiten du, herriguneko gazteen joan-etorriak erraztuz.
- Paper fabrika aurreko geralekua: Zubimusu zubiaren obrek behin-behinean zerbitzutik kanpo utzi bazuten ere, Udalaren eskaerari esker berriz ere erabilgarri dago, herritarren eguneroko mugikortasuna erraztuz.
Bestalde, intermodalitatea indartzeko, Villabonatik datozen autobusek laster Renfe geltokiaren aurrean dagoen autobus geralekuan geldialdia egin ahal izango dute. Horretarako, Udalak beharrezko egokitzapenak egingo ditu, eta behin prest daudenean, zerbitzua martxan jartzeko konpromisoa hartu du Mugikortasun Sailak.
Garraio publikoari buruzko informazio guztia (ordutegiak, lineak eta zerbitzuak) eskuragarri dago zizurkil.eus/eu/garraioa atarian.
