Eduki publikatzailea

Atzealdea Tolosaldeko euskaltegietan izena emateko epea irekita: Apuntatú!

Aitzol Udal euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k 2025/2026 ikasturtean eskualdean eskainiko diren euskara ikastaroak aurkeztu dituzte.

2025·09·03


Aitzol Udal euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k 2025/2026 ikasturtean eskualdean eskainiko diren euskara ikastaroak aurkeztu dituzte Zizurkilen. Ikasturte honetan eskualdeko hamar herritan izango da euskara ikasteko aukera: Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. Herrian bertan euskara ikasteko aukera izango ez dutenek ere, herritik gertu izango dute aukera, zonalde guztiak kontuan hartuz antolatu baitituzte euskaltegiek ikastaroak. Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendari Josebe Izagirrek garrantzia eman dio etxetik gertu euskara ikasteko aukera izateri. “Tolosaldeko herritarrek euren beharretara ondoen egokitzen den ikastaroa topatuko dute eskualdean. Ikasturte honetan ere, eskualdeko hainbat herritan izango da euskara ikasteko aukera, euskara gertu izango dute herritarrek, eta, nola ez, saiatuko gara euskara ikastea esperientzia aberasgarria eta baliagarria izan dadin ikasle ororentzat”. 

Tolosaldeko AEKko kide Olatz Peñagarikanok aipatu duen bezala, “Euskara ikasteak baliagarri izan behar du Tolosaldean bizitzeko, balio behar du bertan ikasi edota lan egiteko, baita aisialdian jolasteko ere. Euskarak izan behar du harrera hizkuntza Tolosaldeko herrietan eta, halaber, herritarron solasaldietan lehen hizkuntza. Izan ere, euskaraz dakigunok ere ardura handia dugu normalizazio prozesuan, eta beraz, etorri berriak euskara ikasten duen eran, euskal hiztunok ere egunerokoan erabili behar dugu hizkuntza, euskara bizi eta osasuntsua izan dezagun”. Herritar ugari euskaldundu dira Tolosaldeko euskaltegietan, baina oraindik pausu hori eman ez dutenak ere badirela ere aipatu du Josebek. “Gaurko agerraldia aprobetxatu nahiko genuke, bereziki, herritar horiei dei egiteko eta euskara ikastera animatzeko”. 

Herritar guztientzat egokitutako ikastaroak

A1 mailatik C2ra arteko ikastaroak eskainiko dituzte bi euskaltegiek, hau da, euskara oinarri oinarritik ikastetik hasi eta goi mailaraino lantzeko aukera izango da gure eskualdean.

Izen ematea, Irailaren 17ra arte egongo da irekita. Euskara ikasi edota hobetu nahi duzuen guztiok “APUNTATÚ!”: horixe da Tolosaldeko Alfabetatze eta Euskalduntze Mahaiko kideek aukeratu duten leloa.

Ikusi hemen eskaintza osoa