Eduki publikatzailea

Atzealdea Justizia, lege-babesa eta arnasa euskararentzat

Uztailaren 19an, 12:00etan, elkarretaratzea egingo da Tolosako udaletxe aurrean

2025·07·18


Zizurkilen euskaraz bizi gara. Udalerri euskalduna da gurea, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da Zizurkilgo Udala ere. Horregatik, zuzenean eragiten digu Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiak.

Eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu epai horrek, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela iritzita.

Zizurkilgo Udalak bat egiten du UEMAk egindako irakurketarekin, eta kaltetu gisa, bat egiten du euskararen eta euskaldunon eskubideen defentsan UEMAk eta EUSKALGINTZAK larunbat honetarako deitu dituen elkarretaratzeekin ere.

Beraz, dei egiten diegu euskaltzaleei, euskalgintzako eragileei eta oro har herritar guztiei euskararen aurkako eraso hau salatzera eta euskararentzat justizia eskatzera kalera atera daitezen, larunbat honetan, 12:00etan, Tolosako udaletxe aurrean egingo dugun elkarretaratzera.