Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskara ikasteko dirulaguntzen deialdia, zabalik

Eskaerak aurkezteko lehen epea uztailaren 22an amaituko da, 14:00etan.

2025·06·26


Zizurkilgo Udalak euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Deialdi honen helburua da Zizurkilen erroldatuta dauden eta euskara ikasten ari diren herritarrei laguntza ematea, euskararen ikaskuntza sustatu eta herritarren gaitasun linguistikoa indartzeko. Eskaerak aurkezteko lehen epea uztailaren 22an amaituko da, 14:00etan.

Dirulaguntza jasotzeko baldintzak
Laguntza jaso ahal izateko, honako baldintzak bete behar dira:

  • Zizurkilen erroldatuta egotea.
  • Euskara ikastaro batean parte hartzea (euskaltegi edo barnetegian).
  • Ikastaroa bukatzea eta gutxieneko aprobetxamendua izatea.
  • Gutxienez %85eko asistentzia izatea.
  • Dirulaguntza jasotzeko debekurik ez izatea.
  • Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Dirulaguntzaren zenbatekoa
Udalak euskara ikastaroen doakotasuna bermatuko du B2 maila lortu  arte.

  • A1, A2, B1 eta B2 mailetan ari direnentzat: matrikularen %100.
  • C1 eta C2 mailetan ari direnentzat: matrikularen %75 (gehienez 650 €).

Deialdi honetarako 7.700 euroko aurrekontua bideratu du Udalak. Eskaera guztiei erantzuteko nahikoa diru ez balego, dirulaguntzak proportzionalki banatuko dira onuradunen artean.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Eskaera online egin daiteke Zizurkilgo Egoitza Elektronikoan. Horretarako, B@KQ ziurtagiri elektronikoa izatea beharrezkoa da. Elektronikoki egin ezin bada, eskabide orria deskargatu eta eskuz bete daiteke, eta ondoren Udaletxean erregistratu.
Eskaerarekin batera, honako agiriak aurkeztu beharko dira:

  • Nortasun agiriaren kopia.
  • Euskaltegiaren ziurtagiria, honako informazioarekin:
  • Ordaindutako matrikularen zenbatekoa.
  • Hasi eta amaitu duen maila.
  • Ebaluazioen emaitzak.
  • Asistentziaren ehunekoa.
  • Beste administrazio edo erakundeek emandako dirulaguntzen aitorpena.