Eduki publikatzailea
Atzealdea “Bertatik bertara” kanpainarekin bat egingo du Zizurkilek, zerbitzu sektorean euskara sustatzeko
2025·06·19
Zizurkilgo Udalak bat egin du UEMAk sustatutako “Bertatik Bertara” kanpainarekin, udalerri euskaldunetan zerbitzu sektorean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin. Ekimenaren bidez, sektoreko langileen eta bisitarien arteko euskarazko harremanak indartu nahi dira.
Aurtengoa kanpainaren seigarren edizioa da, eta ohiko baliabideez gain (eskuorriak, diptikoak, oinarrizko hiztegia eta 300.000 mahai-gaineko taberna eta jatetxeetan), berrikuntza gisa, euskal kulturaren eta musikaren ikusgarritasuna ere landu du UEMAk. Horretarako, bidaiaren “soinu banda” bihurtzeko musika zerrendak prestatu dira, bai bisitarientzat, bai denda, taberna zein jatetxeak euskal musikaz girotzeko.
Mahai-gainekoetan QR kodeen bidez eskuratu daitezke bai oinarrizko hiztegia, bai musika-zerrendak, baita Euskal Herrian bizi diren hainbat pertsonen testigantzak ere, sei hizkuntzatan:
- Euskaraz, Leioan jaio eta Azpeitian bizi den Mari Marron.
- Gazteleraz, Argentinan jaio eta Markina-Xemeinen bizi den Lucia Conzi.
- Katalanez, Herrialde Katalanetan jaio eta Oiartzunen bizi den Maria Manera.
- Galegoz, Zarautzen jaio baina guraso galiziarrak dituen eta ama-hizkuntzari eusten dion Begoña Rey.
- Frantsesez, Frantzian jaio eta Arbizun bizi den Laurent Richard.
- Ingelesez, Alaskan (AEB) jaio eta Asteasun bizi den Ashlyn Simmons.
“Bertatik Bertara” leloaren bidez, euskarak tokian tokiko nortasunean duen garrantzia azpimarratu nahi da, eta gogorarazi hizkuntza bera ere zerbitzuaren kalitatearen eta gertutasunaren parte dela.
“Euskara gure nortasuna da eta kanpaina honek aukera ematen digu hori bisitariei modu atsegin eta eraginkorrean helarazteko. Zerbitzuen sektorean euskararen erabilera sustatzea ez da soilik hizkuntza bat babestea: gure herriaren izaera, kultura eta jendea ezagutarazteko bidea ere bada. Harrera euskaldun eta beroa eskaintzea da helburua. Ziur nago elkarrekin lortuko dugula euskara eguneroko komunikazio-hizkuntza izatea turismoaren esparruan ere", adierazi du Maite Amenabar alkateak.
Zizurkilgo Udalak dei egiten die herriko ostalari eta merkatariei kanpainarekin bat egitera, guztion artean euskararen presentzia eta erabilera indartu eta normalizatzeko bisitariekiko harremanetan ere.