Eduki publikatzailea
Atzealdea Maiatza saltsan. Ugare eraldatu zeneko istorioa…
2025·05·05
Ugare baserritik auzora eraldatu zen 1970eko hamarkada hasieran. Extremadura, Andaluzia, Gaztela, Galizia… lurralde askotatik etorritako pertsona askok maletak hartu eta Zizurkil aukeratu zuten bizileku eta lan bila. Migrazio olatu haren ondorioz, Ugare auzoa sortu zen, eta maiatzean haren historia eta bilakaera izango dira protagonista Zizurkilen, Maiatza Saltsan egitasmoaren baitan.
Datozen egunetan Zizurkil kulturaren epizentro bilakatuko da berriz ere. "Ugare eraldatu zeneko istorioa..." lemapean, hainbat ekitaldi antolatu dira herriko memoria kolektiboa berreskuratu eta auzo baten bilakaera ezagutzera emateko. Argazki erakusketak, hitzaldiak, dantza eta musika emanaldiak, baita bestelako jarduera parte-hartzaileak ere izango dira, adin eta gustu guztietarako aukerarekin.
Maiatza Saltsan egitasmoko kultura batzordeak enkargua egin zion Teodoro Hernandorena Kultur Elkarteari Ugareri buruzko ikuspegi historikoa lantzeko. Elkarteak lan sakona egin du, Ugare auzoa nola sortu zen, demografikoki eta historikoki nola eraldatu den aztertuz. Ikerketa horren emaitza 20 orrialdeko aldizkari batean bildu dute, doan banatuko dena, eta bertan gai guztiak jorratu dituzte xehetasun handiz.
Gainera, Atxulondon argazki erakusketa zabal bat izango da ikusgai, eta horrez gain, 8-10 pankarta tematiko ere prestatu dituzte Ugareren atal desberdinekin: eraikinak, planoak, eta bestelako elementuak ageri dira. Bi pankarta Joxe Arregi plazan jarriko dira, beste bi Herrigunean, eta beste 6 inguru Ugareko pasealekuan.
Egitaraua anitza eta askotarikoa izango da. Maiatzaren 14tik 18ra bitartean, Ugareren iragana jasotzen duen argazki erakusketa izango da ikusgai. Maiatzaren 14an, 19:00etan, Atxulondon, Hernandorena Kultur Elkarteak Ugare auzoaren eraldaketari buruzko hitzaldia eskainiko du. Bestalde, maiatzaren 18an, goizeko 11:00etan, erakusketa gidatua egingo da Loatzo eta Bukalai taldeekin, eta ondoren, 12:30ean, auzoko eta herriko bizilagunentzako zizka-mizka izango da musikaz lagunduta.
Ainhoa Larrea Zizurkilgo Udaleko kultur teknikariak azpimarratu duenez, "oso garrantzitsua da gure herriko historia gorde eta belaunaldi berriei transmititzea. Ugareren adibidea baliatu nahi izan dugu herritarren parte-hartzea sustatzeko eta gure ondareari balioa emateko. Garrantzitsua da auzoaren eta herriaren memoria kolektiboa elikatzea".
Maiatza Saltsan egitasmoaren baitan beste hitzordu esanguratsu batzuk ere izango dira: maiatzaren 6an, Loatzo Musika Eskolako klarinete ikasleek emanaldia eskainiko dute Atxulondon; maiatzaren 7an, konpostari buruzko ikastaroa egingo da; maiatzaren 9an, “Aztia” antzerki musikatua ikusi ahal izango da Atxulondon, Metrokuadroka konpainia eta Don Inorrez taldearen eskutik; maiatzaren 9an eta 10ean, Lladó herriarekin senidetze ekitaldiak ospatuko dira; maiatzaren 10ean, XV. Biatloia eta Euskadiko Halterofilia Txapelketa Nagusia izango dira; maiatzaren 13an, Nahuel Pillatek adimen artifizialari buruzko hitzaldia eskainiko du liburutegian; maiatzaren 23an, Bukalai Dantza Taldearen ikasturte amaierako emanaldia izango da; maiatzaren 28an, sendabelar baratze saioa egingo da; eta hilabetea, maiatzaren 31n, Danena Egunarekin borobilduko da.
Maite Amenabar alkateak nabarmendu duenez, “kultura komunitatea sendotzeko tresna da gure herrian. Herritarren parte-hartzea eta kultura ekimenekiko atxikimendua sustatzea gure lehentasunetako bat da, eta maiatzeko egitaraua aukera bikaina da gure sustraiak ospatzeko eta elkarrekin gozatzeko".
Zizurkilgo Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu maiatzeko jardueretan parte hartzera. Ugare auzoaren historia hobeto ezagutzeko eta kultur ekitaldiez gozatzeko aukera paregabea izango da!