Eduki publikatzailea
Atzealdea Herriko elkarteek dirulaguntza eskaerak egiteko epea zabalik da
2025·04·09
Zizurkilgo Udalak dirulaguntza deialdia zabaldu du aisialdia, kirola, kultura, hezkuntza, gazteria eta euskararen inguruko jarduerak finantzatzeko. Eskaerak aurkezteko epea zabalik izango da maiatzaren 12ra arte, eta elkarte interesdunek beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute epe horren barruan.
Maite Amenabarrek azpimarratu duenez, Udalaren lehentasun nagusietako bat herriko elkarteek eta eragileek egiten duten lana babestea da: “Zizurkil herri bizia da, eta hori bertako elkarteei esker da. Haiek dira gure herriaren aberastasuna, eta egiten duten lana babestea gure lehentasuna da.”
Dirulaguntzak ondorengo arloetan banatuko dira:
- Kirola: 14.000 euro
- Kultura: 17.500 euro
- Euskara: 2.500 euro
- Hezkuntza: 4.500 euro
Eskaerak aurkezteko bideak
Eskabideak presentzialki zein telematikoki aurkez ditzakete pertsona fisikoek; pertsona juridikoek, aldiz, telematikoki egin beharko dute.
- Presentzialki: Zizurkilgo Udal Erregistroan edo 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein bide ofizialen bidez.
- Telematikoki: Zizurkilgo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Deialdiari buruzko informazio zehatza eta oinarriak kontsultatzeko, egin klik hemen.