Eduki publikatzailea

Atzealdea Herri-bideak konpontzeko eta hobetzeko lanak egin ditu Zizurkilgo Udalak

Bizilagunen irisgarritasuna bermatzeko hainbat esku-hartze egin dira

2025·02·20


Zizurkilgo Udalak herri-bideak hobetzeko lanean jarraitzen du, bizilagunen irisgarritasuna bermatzeko eta landa-eremuetako ustiategi eta etxebizitzetara sarrera-irteera egokiak ahalbidetzeko. Ildo horretan, hainbat esku-hartze egin dira:

Zarateko Benta eta Altxurriaga baserri arteko bidea asfaltatzea

Duela denbora bat, herrigunea eta Zarateko Benta lotzen dituen herri-bidea asfaltatu zen. Orain, lan horiei jarraipena eman zaie, eta Zarateko Benta eta Altxurriaga baserri arteko bide-zatia zolatu da. Hobekuntza honekin, bertako bizilagunen eta erabiltzaileen mugikortasuna erraztu da, eta, era berean, ustiategietara eta inguruko lursailetara sarrera-irteera egokiak bermatu dira. Lanek 65.000 euroko aurrekontua izan dute.

Zarate bideko hondoratzea konpontzeko lanak 

Zarate bidean, Ipidegiko bidegurutzea baino lehen, luizi batek eragindako hondoratzea konpondu da. Bideak jasotzen zituen euri-urak ez zeuden behar bezala bideratuta eta errepidearen azpitik, oinarrian, kalteak eragiten zituen. 
Konponketa lanak bi fasetan egin dira, eta guztira 37.526,46 euroko aurrekontua izan dute:

  • Lehen fasean, menditik datozen eta errepideak jasotzen dituen euri-urak behar bezala bideratu dira. Horretarako, drainatze-hodiaren, hormigoizko arekaren eta peraltearen zuzenketak egin dira.
  • Bigarren fasean, errepidearen egonkortasuna bermatzeko, hormigoizko lubeta (eskollera) eraiki da.

Lan hauei esker, bidearen segurtasuna eta iraupena bermatu dira, euri-urak modu egokian bideratuta eta etorkizuneko luizi-arriskuak minimizatuz.

Herri-bideen konponketa

Herriko hainbat bidetan konponketak egin dira. Besteak beste, Ugaren, Muñoan eta Azken Portutik hilerrira doan bide-sarreran zeuden zuloak estali dira.

“Herritarren ongizatea eta segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna. Azken urteetan herri bideak hobetzeko inbertsio handia egin dugu, eta bide horretan jarraituko dugu. Gure helburua da azpiegiturak egokitzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea, segurtasun osoz eta irisgarritasun baldintza egokietan mugi daitezen”, adierazi du Maite Amenabar alkateak.