Eduki publikatzailea

Atzealdea Zizurkilgo Udalak landa-lurzoruko lursailak topografikoki mugatzeko lanak hasiko ditu

Proiektuaren helburua da lursailen mugak topografikoki zehaztea, mugei eta mugarriei GPS koordenatu zehatzak esleituz

2025·01·28


Zizurkilgo Udalak 3. poligonoko landa-lursailen mugak argitu eta beharrezko zuzenketak egiteko proiektua abiatu du. Ekimen honen helburua da lursailen mugak topografikoki zehaztea, mugei eta mugarriei GPS koordenatu zehatzak esleituz.

Azken urteotan, jabeen edo haien oinordekoen ezagutza faltak eta ezjakintasunak mugak nahastea edo desagerraraztea eragin du, eta horrek mendien zaintza eta landa-munduaren kontserbazioa kaltetzen ditu. Egoera horren aurrean, Zizurkilgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren dirulaguntzarekin, proiektu honi ekin dio.

Guztira, 251 hektareako azalera duten 209 lursail baino gehiago mugatuko dira, topografia-enpresa baten laguntza teknikoarekin. Udalerriko landa-lurraren hedadura zabala dela eta, aurten 3. poligonoko lanak egingo dira, eta hurrengo urteetan gainontzeko poligonoetara zabalduko da proiektua.

Jabeen lankidetza, ezinbestekoa

Lanak behar bezala gauzatzeko, 71 jabe baino gehiagoren kolaborazioa beharrezkoa izango da. Parte-hartzea borondatezkoa da, eta ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo. Hala ere, neurketa topografikoak egin aurretik mugak garbitzea, mugarriak identifikatzea eta mugakideekin adostasunak lortzea ezinbestekoa da. Auzokideen artean adostasunik ez badago, ezin izango da proiektua gauzatu.

Lanak amaitutakoan, jabeei mugak eta mugarriak jasotzen dituzten planoak emango zaizkie. Horrez gain, beharrezkoa izanez gero, Katastroko datuak eguneratuko dira.

Herritarrei zuzendutako azalpen-bilera

Zizurkilgo 3. poligonoko landa-lursailen jabe guztiek proiektuari buruzko azalpenak jasotzeko aukera izango dute datorren otsailaren 11n Iriarte Kultur Etxean egingo diren bileretan:

  • Otsailak 11, asteartea: 11:00etan.
  • Otsailak 11, asteartea: 17:00etan.

Guztion interesekoa den proiektua izanik, Udalak herritarren parte-hartzea eta lankidetza eskertzen ditu.