Eduki publikatzailea

Atzealdea Zizurkilgo 22.Blues Gaua, otsailaren 8an

Noa & The Hell Drinkers eta La Blues Company taldeen kontzertuak izango dira Atxulondon eta Egarri tabernan

2025·01·22


Zizurkil prest da, beste urte batez, blues musikaren festarik handienetariko bat hartzeko! Blues Gauaren 22. edizioa otsailaren 8an ospatuko da, larunbatez, Atxulondo eta Egarri tabernetan. Aurtengo edizioan bi talde paregabe izango dira protagonista: alde batetik, Noa & The Hell Drinkers, 2023an European Blues Challenge lehiaketa irabazi zuen eta nazioartean gora egiten ari den Donostiako taldea; eta bestetik, La Blues Company, Ñaco Goñi eta Paul San Martin bezalako musikari ospetsuez osatutako banda, Euskal Herrian grabatu berri duten diskoa aurkezteko prest.

Bi taldeek bluesaren energia eta pasioa ekarriko dituzte Zizurkilera, entzuleei zuzeneko musika esperientzia ahaztezina eskainiz.


19:00 - NOA & THE HELL DRINKERS, Atxulondon
Noa & The Hell Drinkers talde donostiarrak, 2023an European Blues Challenge lehiaketa ospetsuan lehen saria irabazi ondoren, "Hell's The New Heaven 23/24" birarekin jarraitzen du, Europako hainbat herrialdetan aritzera eraman dituena, besteak beste hauetan: Espainia, Frantzia, Norvegia, Alemania, Txekiar Errepublika, Suitza, Errumania, Polonia eta Portugal. Taldea 2016an sortu zen eta dagoeneko hiru disko kaleratu ditu: Noa & The Hell Drinkers (2018), Craft Blues (2020) eta Hell's The New Heaven (2023). Beren azken lana hileko diskotzat hartu du Erresuma Batuko “UK Independent Blues Broadcasters Association” elkarteak. Ahots zoragarria Noa Egigurenena, banda bikain batek lagundua, eta feelingez, energiaz eta blues, rithm & blues, rock, funk... musikarekiko pasioz beterikoak beren zuzenekoak.

  • Noa Eguiguren (ahotsa)
  • Gonzalo Portugal (gitarra, koruak)
  • Manu Gestido (baxua)
  • Paul San Martín (pianoa, teklatuak, hammond)
  • Ibai Ros (bateria)


 

23:00 - La BLUES COMPANY, Egarri tabernan
Talde berean baldin baditugu Ñaco Goñi harmonizista historikoa (Tonky Blues Band, Jokers, Malcolm Scarpa, Ñaco Goñi eta Bluescavidas), piano bluesaren erreferente den Paul San Martin donostiar pianista eta abeslaria (Stay Blues, Paul San Martin trio, The Fake Cousins) eta bestetik Fernando Beiztegui gitarra jotzaile eta kantari granadarra, Martí Elias (Mambo Jambo Ray, Ray) bateria jotzaile katalanarekin osatuz, ez dago dudarik La Blues Company dela azken urteotak bluesaren zaleek izan duten albisterik onena. 

Euskal Herrian grabatu berri duten diskoa aurkezten. Lan honek soberan betetzen ditu erreferentziazko disko bihurtzeko behar diren baldintza guztiak. Zuzeneko lana, oktanaje handikoa, antzinako erara eta musikari mitiko batzuen nortasun paregabearekin, Atlantikoaren alde honetan egindako bluesaren benetako espirituarekin burutua.