Eduki publikatzailea
Atzealdea Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa
2024·12·20
Zizurkilgo Udalak, atzo egindako ezohiko bilkuran, presoen urruntze politikarekiko desadostasuna adierazten duen adierazpen instituzionala onartu zuen EH Bilduren babesarekin, EAJ-PNVren abstentzioarekin eta PSOEren kontrako botoarekin.
EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEEN ALDEKO MANIFESTAZIOA
- 2024KO ABENDUAK 31, 18:30
VILLABONAKO ERREBOTEKO PLAZATIK ZIZURKILGO JOXE ARREGI PLAZARA
Urtearen amaierarekin batera iritsi zaizkigu gabonak, egun bereziak, lagun eta familia giroan urtean pasatakoak gogoratu eta jai giroan ospatzeko erabiltzen ditugunak. Gabonetan badira hala ere momentu tristeak, ondoan falta ditugunak gogoratzeko momentuak ere badira eta, biolentzia ezberdinen eraginez gure ondotik joanak, edo espetxean lau hormen artean edo erbestean daudenez gogoratzeko egunak.
ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuela 13 urtetara oraindik ere, 124 euskal preso daude espetxean, 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean. 13 urte ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeak, orduan ere euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun suposatzen duten salbuespena.
Euskal Herrian bizitutako gatazkak utzitako ondorioekin amaitzea premiazkoa da euskal herritarrontzat, behar bat da sufrimenduak gehiago ez luzatzea. Salbuespen lege batekin amaitzea lortu badugu ere, oraindik indarrean jarraitzen du salbuespen auzitegi den entzutegi nazionalak, edo bizi osorako espetxe zigorra ordezkatzeko sortu zen 07/2003 legeak.
Euskal gizarte osoarea ardura da, etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin amaitzea, sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea.
Hori guztiagatik Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza, Asteasu, Zizurkil eta Amasa-Villabonako Udalek euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten aterabide integral bat beharrezkoa dela adierazten dute, urteko azken egun honetan. Era berean biolentzia ezberdinen biktimak aitortuak izateko eta egia jakiteko eskubide osoa dutela aldarrikatzen dute.
Finean, Aiztondoko Udaletako alkate eta zinegotziok, Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari eta elkarbizitzari begira jartzeko garaia dela aldarrikatu nahi dugu.
Behin betiko bakea, konponbidea, elkarbizitza. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!