Eduki publikatzailea
Atzealdea Zizurkilgo Udalaren konpromiso sendoa euskararen alde
2024·12·03
Euskara gure arima eta nortasunaren oinarri nagusietako bat da, belaunaldiz belaunaldi maitasunez zaindu eta transmititu dugun altxorra. Gure herriaren identitatearen zutabea den heinean, Zizurkilgo Udalak irmo jarraitzen du euskararen alde lanean, herri euskaldunago eta kohesionatuago bat eraikitzeko helburuarekin.
Ildo horretan, Udalak 2023-2027 aldirako Euskararen Erabilera Plana onartu berri du, EAJ-PNVren babesarekin eta PSE-EEren abstentzioarekin. Planaren helburu nagusia da euskara Udalaren lan- eta zerbitzu-hizkuntza izatea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz eta euskararen arnasgunea indartuz.
Planak hainbat neurri zehazten ditu, besteak beste:
- Euskaraz emango zaio arreta herritarrari, idatziz zein ahoz, herritarrak espresuki kontrakorik adierazi ezean. Hau da, ele biz egingo zaio herritarrak hala eskatuz gero soilik.
- Udal-ordezkari zein langile guztiek euskara erabiliko dute, bai ahoz, bai idatziz ere, lanorduetan eta Udalaren ordezkari gisa jarduten duten kasu guztietan.
- Bilera, batzorde eta dokumentuetan euskara nagusitzea.
- Udalaren hizkuntza irizpideak dirulaguntzetan eta kontratuetan aplikatzea.
- Langileak kontratatzean, dagokien hizkuntza-gaitasuna egiaztatuta izan behar dute.
- Langileentzako ikastaroak euskaraz jasoko dira, bai Udalak antolatutakoak, bai beste erakunde edo enpresa batek antolatutakoak ere.
- Ofimatika eta lanerako aplikazioak euskaraz erabiliko dira.
- Dirulaguntzak emateko garaian, euskararen erabilera kontuan izango da balorazio-puntuak ematean.
- Errotuluak euskaraz jarriko dira: eraikinen errotulazioa, ibilgailuena, jantziena…
Horrez gain, Udalak beste ekimen bat ere jarri du martxan: Euskarazko Produktuen Katalogoaren 2024ko edizioa banatu zaie herriko haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikasle guztiei. Izan ere, Maite Amenabar Alkorta alkatearen hitzetan, “garrantzitsua da gure haurrei euskaraz jolasteko eta gozatzeko erreferentziak eskaintzea”. Katalogoak 7.700 euskarazko produktu jasotzen ditu dagoeneko, hala nola liburuak, musika, jostailuak eta jokoak.
Amenabarrek nabarmendu duenez, “gure hizkuntzaren alde lanean jarraituko dugu, euskararen arnasgunea babestu eta haren erabilera sustatzeko. Euskara bizirik mantentzea eta indartzea guztion ardura da, eta Udalak erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatuko du helburu hori lortzeko”. “Euskararekiko Udalaren konprimisoa erabatekoa da, eta argi daukagu guztion inplikazioa beharrezkoa dela euskararen erabilera indartu eta biziberritzeko”, azpimarratu du.