Eduki publikatzailea

Atzealdea “Ombuaren itzala” filma aurrestreinatuko da Zizurkilen, azaroaren 30ean

San Millan elizako aforoa mugatua denez, gonbidapena beharrezkoa izango da aurrestreinaldian izateko

2024·11·27


Azaroaren 30ean, larunbata, Pello Mari Otaño zizurkildarraren inguruko “Ombuaren itzala” filma aurrestreinatuko da San Millan elizan.  Patxi Bisquert aktore eta zinemagileak zuzendutako lanak bertsolariaren azken 20 urteak izan ditu ardatz, 1890etik 1910era, garai hartako testuinguru soziala eta gorabeherak islatuz.

San Millan elizako aforoa mugatua denez, aurrestreinaldian izateko ezinbestekoa izango da Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak edo Bisquert zuzendariak luzatutako gonbidapena. Ekitaldian filmaren lantaldeko kideak, protagonistaren gertuko zenbait pertsona, autoritateak eta proiektuan lagundu duten hainbat gonbidatu izango dira.

Hala ere, herritar guztiek izango dute filma ikusteko aukera Villabonako Gurea antzokian antolatutako emanaldi berezietan. Crowdfundingean lagundu eta sarrera aurrez erosi zutenek doan ikusi ahal izango dute; gainontzeko herritarrentzat sarrera prezioa 4 eurokoa izango da. Emanaldiak honako hauek izango dira:

  • Abenduak 6, ostirala:19:30 (aurkezpenarekin)
  • Abenduak 7, larunbata: 19:30 / 22:00
  • Abenduak 8, igandea: 19:30
  • Abenduak 9 astelehena:19:30

Proiektua crowdfunding bidez finantzatu da, eta Zizurkilgo Udalaren babes ekonomikoa izan du. "Pello Mari Otaño gure herriko kuttunetako bat da, ikur nagusietako bat. Bere bizitzak eta bertsoek gure historia ulertzeko leiho bat eskaintzen digute, eta proiektu honek gure memoria kolektiboan duten garrantzia azpimarratzen du. Zizurkilgo herriaren kultura-ondarea aberastuko duen ekimena da eta, horregatik, ahalegin guztiak egin ditugu proiektua babesteko,” adierazi du Maite Amenabar Alkorta alkateak.