Eduki publikatzailea

Atzealdea Energia berriztagarriak zure etxean ezartzeko eta zure etxebizitzarako berokuntza sistemarik egokiena zein den ezagutzeko saio praktikoak

OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak, Zizurkilgo Udalarekin elkarlanean,bi saio praktiko antolatu ditu azaroaren 11n eta 18an

2024·10·31


OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak, Zizurkilgo Udalarekin elkarlanean, ENERGIA ARGITU programaren baitan, azaroaren 11an eta 18an bi saio praktiko antolatu ditu, 18:00tan, Plazida Otaño liburutegiko aretoan. Batetik, zure etxebizitzarako berokuntza sistemarik egokiena zein den ezagutzeko tailerra eta bestetik etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko tailerra antolatu ditu.

Lehenengo tailerrari dagokionean (azaroaren 11an), nahiz eta aldian-aldian berokuntza-sistema mota jakin bat "modan" jarri, egia esan, sistemarik eraginkorrena zein den jakiteko, hainbat alderdi aztertu behar dira: etxebizitza mota, jada instalatuta dauden aparatu edo hodiak, etxebizitzaren erabilera, etab. Helburua da herritarrak gaiari buruzko nozio argi batzuekin ateratzea eta berogailu-sistemei buruzko oinarrizko irizpideak izatea, merkatuko berrikuntzek eragindako erabakiak ez hartzeko etorkizunean.

Bigarren tailerrari dagokionean (azaroaren 18an), klima aldaketak gure egunerokotasunean gero eta eragin gehiago ditu ingurumarian, bat baino gehiago dira nork bere etxean energia berriztagarriak sortzeko eta erabiltzeko aukerak, eta aukera horik desberdinak dira etxebizitzaren ezaugarrien arabera. Gainera, autokontsumoa aukera ona izan daiteke gure etxeetan, merkataritza-lokaletan, bulegoetan eta abar.

Tailer honetan mota desberdineko energia berriztagarrien berri emango da, norberak bere etxerako bideragarriena zein den jakin dezan. Plaka fotovoltaikoen bidez energia sortzeari buruz hitz egingo da batez ere: autokontsumo indibidualaren, kolektiboaren eta tokiko energia-komunitateen inguruko aukerak azalduko dira.

Eta, gainera, “Autokontsumoko instalazioen gida praktikoa” banatuko da. Gidaliburu horrek autokontsumoari buruzko informazio praktikoa ematen du, bai banakakoarena, bai kolektiboarena, sorkuntza fotovoltaikoan zentratuta.

Tailer hauetan parte hartu nahi duten herritarrek, lehen tailerrerako azaroaren 8a eta bigarren tailerrerako azaroaren 15a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

  • Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: energiabulegoa@gipuzkoa.eus
  • Honako telefono zenbakira deitzea: 605 757 687 (astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus

Energia Argitu programaren helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2024ko udazkenean zehar egingo diren prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

  • Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
  • Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako
  • Energia Argitu kit kanpaina: kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto-diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz,  faktura energetikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.

Energia Argitu da OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikoko Bulegoak bultzatuko duen jardueretako bat. Bulego hori Europar Batasuneko Next Generation EB funtsek finantzatzen dute, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen ditu, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez.