Eduki publikatzailea
Atzealdea 2025eko Ordenantza fiskalak onartu ditu Udalak
2024·10·30
Zizurkilgo Udalak 2025eko ordenantza fiskalak onartu ditu atzo arratsaldeko osoko bilkuran. Udal gobernuaren proposamena gehiengo osoz onartu da, EH Bilduko ordezkarien babesarekin, EAJ-PNVren abstentzioarekin eta PSE-EEren kontrako bozkekin.
Udal zerga eta tasak
KPIaren hazkundea kontuan hartuta, %3,4ko igoera izango dute Udal zerga eta tasa gehienek.
Hondakinen tasa
Zizurkilgo Udalak hondakinen tasa igotzea onartu du, Europako zuzentaraura egokitu eta betetzeko. Lege horren arabera (Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Europako Legea), 2025etik aurrera, udal-hondakinen bilketak ezingo du izan defizitarioa udalentzat, eta, beraz, herritarrek ordaindu beharko dituzte hondakinen bilketa eta kudeaketa kostu guztiak. Gaur egun, Zizurkilgo Udalak %47ko defizita du; ondorioz, %47ko ezohiko igoera ezarriko da 2025eko hondakinen tasan. Horrela, tasa orokorra 45€-koa izango da hiru hilean behin, 30,5€-koa izan beharrean.
“Tasa eguneratzeko erabakia sakon aztertu eta kalkulatu da zerbitzuaren beharrezko kostuak estaltzeko, karga gehigarririk ezarri gabe”, azaldu du Maite Amenabar Alkorta alkateak. Dena den, Udalak gogorarazi nahi du auzo konposta edo autokonposta egiten duten familiek tasa murrizketak izango dituztela urte amaieran. “Auzo-konposta egiten duten herritarrek 45 €-ko hiru kuota ordainduko dituzte, urtean 135 € guztira. Auto-konposta egiten dutenek, berriz, bi kuota; 90 € urtean. Tasaren murrizketa horiek jasotzeko Udalak jarraipen zorrotza egingo du, eta murrizketak azken ordainagirietan aplikatuko zaizkie dagokien herritarrei”, azpimarratu du Amenabarrek. Bestalde, hondakinak behar bezala bereizten ez dituzten herritarrek bikoitza, 90 €, ordaindu beharko dute hiru hileko ordainagirian.
Amenabarrek nabarmendu duenez, “familia jasangarrientzat aurrezpen ekonomikoa nabarmena da”. Izan ere, birziklatzen ez dutenek urtean 180 € gehiago ordaindu beharko dute. “Hondakinak ez bereizteak kostu gehigarria dakar, eta kostu hori bere gain hartu beharko dute behar bezala birziklatzen ez duten herritarrek. Tasaren bereizketa honekin, Zizurkilgo Udalak hondakinak modu egokian kudeatzen dituzten familiak saritzea eta birziklapena sustatzea du helburu, herritar guztientzako bidezkoagoa izango den sistema bermatzeaz gain”, adierazi Amenabarrek.
Alkateak azpimarratu du Udalaren helburu nagusia egungo %71ko birziklatze-tasa hobetzen jarraitzea dela: "Gure nahia eta xedea da herritar guztiek modu arduratsuan birziklatzea, eta zizurkildar guztien lankidetza eta ahaleginarekin lortuko dugu etorkizun jasangarriago baterantz aurrera egitea. Orain arte bezala, Udaletik pedagogia egiten jarraituko dugu eta informazioa herritar guztiengana irits dadin ahaleginduko gara. Horretarako, herrian bizi dugun hizkuntza-aniztasuna kontuan hartuta, hainbat hizkuntzatan egingo dira komunikazioak”.