Eduki publikatzailea
Atzealdea Zizurkilgo Udalaren etengabeko saiakerari esker, Azken Portu auzoko urbanizazio lanak berrabiarazi dira
2024·10·24
Hamahiru urteko ahalegin eta etengabeko saiakerak bere fruituak eman ditu. Urte hauetan guztietan Zizurkilgo Udalak egindako lanari esker, Azken Portu auzoko urbanizazioa behar bezala amaitzeko obrak berrekin ditu eraikuntza-enpresak.
Udalak hainbat esku-hartze eskatu ditu, eremuak kalitate estandar guztiak bete ditzan. Horrela, uda aurretik ur zikinak bideratzeko lanak gauzatu zituzten, eta orain, argiteria gehiago instalatzen ari dira, auzoko kaleak zein parkea hobeto argiztatuta egon daitezen. Horrez gain, biribilgune eta irlatxoak gorriz margotu dituzte, eta errotonda erdian bi foko gehiago jarri dituzte errepide ingurua gehiago argiztatu eta seguruagoa izan dadin. Palmondoak kimatzen ere ari dira, eremu atseginagoa bihurtzeko.
Udalak haur-parkea berritzea ere eskatu du. Dagoeneko aukeratu da parke berria, eta datozen hilabeteetan aldatuko da, auzoko haurrek gune moderno eta seguru bat izango dutela bermatuz.
"Azken urteotan, Udalak eraikuntza-enpresari behin eta berriz adierazi dio urbanizazioak kalitate-estandarrak bete behar dituela, auzokideei ingurune segurua eta atsegina bermatzeko, baina ez gara mugatu eskakizun horiek egitera soilik. Udalak isunak ere jarri dizkio enpresari urteetako atzerapenengatik", azaldu du Maite Amenabar Alkorta alkateak. "Oso pozik gaude Azken Portuko urbanizazioa, azkenean, amaitzear delako. Udalaren lanak fruituak eman ditu. Eraikuntza-enpresari obrak amaitzea exijitzeaz gain, etengabe ari gara zaintzen kalitate-estandarrak betetzen direla, gure lehentasun nagusia auzokideen segurtasuna eta ongizatea baita", adierazi du Amenabarrek.
Lan guztiak urtea amaitu aurretik bukatzea aurreikusten da, eta behin amaituta, urbanizazioa ofizialki entregatuko zaio Zizurkilgo Udalari.