Eduki publikatzailea
Atzealdea Zizurkilgo Udalak 2025eko aurrekontuaren likidazioa itxi du, eta datuen arabera Udalaren finantza-egoera egonkorra da
2026·09·30

Zizurkilgo Udalak 2025eko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu du iraileko osoko bilkuran. Likidazioak urtean zehar Udalaren diru-sarrerek eta gastuek izan duten bilakaera erakusten du, eta Udalaren egoera ekonomikoa zein den ikusteko aukera ematen du.
Aurrekontuaren likidazioa itxi ondoren, datuek Udalaren finantza-egoera egonkorra dela erakusten dute. Izan ere, urtea amaitzean, Udalaren diruzaintzako gerakina 1.265.011 eurokoa izan da.
Horrek erakusten du, Udalak etorkizuneko beharrei aurre egiteko eta herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak garatzen jarraitzeko finantza-gaitasuna baduela.
Aurrekontuaren %82 gauzatu da
2025eko behin betiko aurrekontuko gastuaren exekuzio-maila orokorra %81,73koa izan da.
Udalaren eguneroko jarduerarekin lotutako gastuetan exekuzio-maila altua izan da: langileen gastuen %98,72, transferentzia arrunten %93,86 eta ondasun eta zerbitzuen %77,10 gauzatu dira.
Inbertsioen kasuan, exekuzio ekonomikoa %44,77koa izan da. Datu hori irakurtzerako garaian, ordea, udal-ibertsio askok prozesu administratibo luzeak behar dituztela izan behar da kontuan: proiektuak prestatu, kontratazioak egin eta adjudikazio-prozesuak bete behar dira.
Horregatik, garrantzitsua da beste datu bat ere kontuan hartzea, urte amaieran inbertsioen konpromiso-maila %92tik gorakoa baitzen. Hau da, aurreikusitako proiektu askok aurrera egiteko bidea eginda zuten, baina gastuaren eragina 2026ko ekitaldian islatuko da.
Diru sarrerei dagokienez, azpimarratzekoa da zerga bidezko diru-sarrerek aurreikuspenak bete eta gainditu dituztela, beste administrazio batzuetatik jasotako transferentziek ere aurreikusitakoa bete dutela eta kobrantza-maila ona izan dela, aitortutako eskubideen %92 inguru kobratu baita. Horrek udalaren eguneroko jarduna finantzatzeko egonkortasuna ematen du.
Zorpetze maila baxua
Zorpetzeari dagokionez, Udalaren egoera oso kontrolatua da. Urtean zehar ez da mailegu berririk hartu, eta 45.000 euro baino gehiago amortizatu dira.
Azken lau legealditan Udalaren zorra nabarmen jaitsi da, eta, gaur egun, zorpetze-maila udalaren diru-sarrera arrunten aldean %4,65ekoa da, hau da, oso maila baxuan mantentzen da.
Udalaren ordainketa-gaitasuna nabarmendu da
2025eko likidazioak, beraz, egoera ekonomiko egonkorra duen Udala erakusten du: diruzaintza-gerakin esanguratsua, zorpetze maila baxua, aurrekontu-emaitza positiboa, ordainketa-maila handia eta aurrekontu-egonkortasuna beteta.
Aldi berean, datozen hilabeteetako erronken artean egongo dira aurreikusitako inbertsioak gauzatzen jarraitzea. Izan ere, guzti honen helburua udalaren finantza-egoera egonkor hori Zizurkilgo herritarrentzat beharrezkoak diren proiektu eta zerbitzuetan islatzea da.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen euskararen aldeko mozioa
Zizurkilgo Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) euskararen aldeko mozioa onartu du osoko bilkuran, EH Bilduren eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta PSE-EEren kontrakoarekin.


