Eduki publikatzailea
Atzealdea Aurrera doaz Olentzoko biribilgunearen proiektua eta Bulandegiko segurtasun hobekuntzak
2026·09·24

Azken hilabeteetan bi erakundeen artean egindako jarraipen-lanaren baitan kokatzen da bilera. Bertan izan ziren Félix Urkola Bide Azpiegituretako foru diputatua, Mikel Uribetxebarria Plangintza eta Ustiaketa zuzendaria eta udal ordezkariak.
Bileran, Olentzoko biribilgunearen proiektuaren egoera aztertu zen. Foru Aldundiak jakinarazi zuen kontratazio-prozesua abian dela eta lizitazioa martxan dagoela. Eskaintzak aurkezteko epea urriaren 13an amaituko da, eta hortik aurrera proiektuak aurrera egiteko beharrezko urratsak egingo dira.
Udalak balorazio positiboa egin du proiektuaren bilakaeraz. Izan ere, azken urteetan behin eta berriz helarazi du Olentzoko biribilgunearen beharra, eta Bide Azpiegituretako Sailak azterketa eta tramitazio lanekin jarraitu du.
Bulandegiko segurtasun neurriak
Bilera berean, Bulandegi eta Ernio bidearen arteko tartean trafikoaren segurtasuna hobetzeko beharrak ere aztertu ziren. Udalak hainbat neurri proposatu zituen, besteak beste, zebra-bideak indartzea, abiadura-muga 50 km/h-tik 30 km/h-ra jaistea herrigune izaera duen tartean, errei-banaketa eta seinaleztapen horizontalaren hobekuntzak egitea, eta seinaleztapen bertikala egokitzea.
Foru Aldundiak jakinarazi zuen proposatutako neurriak aztertuta daudela eta laster hasiko direla jarduketa horiek gauzatzeko lanak.
Maite Amenabar alkateak bileraren garrantzia azpimarratu du: “Garrantzitsua da Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Sailarekin dugun elkarlana eta komunikazio zuzena. Herriarentzat beharrezkoak diren proiektuei bultzada emateko, ezinbestekoa da bi erakundeen arteko koordinazioa. Gure helburua herritarren segurtasuna eta mugikortasuna hobetzea da, eta bide horretan lanean jarraituko dugu”.
