Eduki publikatzailea
Atzealdea Hondakinak gaizki sailkatzearen kostua
2026·09·25

Duela hainbat hilabete banatu zituen Tolosaldeko Mankomunitateak Zizurkilgo hondakinen kudeaketari buruzko eskuorriak. Bertan, herritarrontzat interesgarriak diren hainbat datu esanguratsu nahiz hondakinen kudeaketa hobetzeko gomendioak jaso ziren.
Besteak beste, hondakinak behar bezala ez sailkatzeak kostu ekonomikoa handitzen duela ikusi genuen eskuorrian, eta horixe argi eta garbi ikus dezakegu organikoaren eta errefusaren artean. Izan ere, organikoaren kudeaketa errefusarenarena baino dezente merkeagoa da: organikoa tratatzea 144,72 euro kostatzen da tona bakoitzeko, eta errefusa tratatzea, berriz, 232,64 euro.
Azken datuek joera hori are argiago erakusten dute. Zizurkilen, organikoaren tratamendu-kostua %35 jaitsi da, bildutako materialaren kalitatea oso ona baita. Errefusari dagokionez, ordea, tratamendu-kostua %35 igo da. Zergatik? Errefusaren edukiontzian behar ez liratekeen hondakin asko aurkitu direlako.
Errefusaren edukiontzian jasotako hondakinen artean, %44,54 baino ez da benetako errefusa. Gainerakoa, batez ere, organikoa (%47,24) eta ontzi arinak (%8,22) dira. Hau da, errefusaren edukiontzira botatzen denaren zati handi bat birziklagarria da.
Horrek zuzenean eragiten du hondakinen kudeaketaren kostuan, Zenbat eta hobeto sailkatu, orduan eta errazagoa eta merkeagoa izango baita haiek tratatzea. Horregatik, errefusa behar bezala sailkatzen ez dugun bitartean, hondakinen kudeaketaren kostua ez da jaitsiko, eta guztiok nabarituko dugu horixe gure poltsikoetan.
Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak hondakinak behar bezala sailkatzea guztion ardura dela azpimarratu du: “Keinu txiki horrek eragin zuzena du hondakinen kudeaketaren kostuan eta, batez ere, ingurumenaren zaintzan. Hondakin bakoitza dagokion edukiontzian botatzea da gure esku dagoen ekarpenik erraz eta eraginkorrenetako bat.”
Ingurumenarentzat garestia
Hondakinak gaizki sailkatzeak ez dio soilik gure poltsikoari eragiten. Ingurumenean ere badu eragina. Errefusaren edukiontzira organikoa edo birziklagarriak diren beste hondakin batzuk botatzen baditugu, material horiek ezin dira behar bezala aprobetxatu. Organikoa, esaterako, bereizita jasotzen denean tratatu eta baliabide bihur daiteke; errefusarekin nahasten bada, berriz, aprobetxatzeko aukerak zaildu egiten dira.
Gainera, errefusa zenbat eta gehiago sortu, orduan eta hondakin gehiago garraiatu eta tratatu behar da. Horrek energia eta baliabide gehiago erabiltzea eta isuri gehiago sortzea ekar dezake. Eta, azken batean, baliabide naturalak alferrik galtzen ditugu: birzikla edo konposta zitekeen material bat galtzen ari gara, eta errefusa tratatzeak dakarren kutsadura handitzen dugu.
Ondorioz, Hondakina gaizki sailkatzea garestia da ekonomikoki, baina are garestiagoa ingurumenarentzat, birziklatu edo berrerabili zitekeen materiala galtzen dugulako eta hondakinen tratamenduak baliabide, energia eta isuri gehiago eragiten dituelako.
