Eduki publikatzailea

Atzealdea Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Azaroaren 8an Iñurriren Bakarrizketa – Tabuen kutxatik eszenara Zizurkilen izango da

2026·10·19


Gaur urriaren 19a da, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Eta Iñurri elkarteak bere manifestuan argi dioen bezala, urriaren 19a ez da kanpaina komertzialetarako eguna. Baizik eta, salaketarako, oroimen kolektiborako eta eskaera politikorako eguna da. 

Honelaxe dio Iñurrik: “Minbizia publizitate-tresna gisara erabiltzea salatzen dugu, horrela, gure minari garrantzia kendu eta gaixotasun konplexu eta suntsitzailea marketingaren azaleko keinu batera murrizten baita. Minbizia ez da lazo bat, ez da kolore bat, ezta norbanako gainditze istorioa ere. Gaitz larria da, politika publikoak, ikerketa eta zaintza eskatzen dituena. Horregatik esaten dugu ozen: aspertu gara pinkwashing-arekin. Konpromiso erreala nahi dugu, ez publizitate-kanpainak”. 

Zizurkilgo Udaletik ere, gaur, ikerketa eta osasun publikoa aldarrikatu nahi ditugu eta baita herritarrak hausnarketara bultzatu ere: gaurko eguna arrosa kolorez ikusteari utzi eta hausnartzera gonbidatu. Horretarako, Iñurri elkartearekin bat egin nahi izan dugu. Haien aldarrikapenekin bat egin eta Iñurriren lana Zizurkilera ekarri. 

Horregatik, AZAROAN, Iñurriren Bakarrizketa – Tabuen kutxatik eszenara Zizurkilen izango da. Espazio publikoan minbizia normalizatzen eta begirada soziala penatik ahalduntzera aldatzen laguntzen duen bakarrizketa.

Iñurriren Bakarrizketa – Tabuen kutxatik eszenara

Bakarrizketa intimoa, iraultzailea eta sakonki gizatiarra da, minbiziaren bizipenetik emozioak eta tabuak biluzten dituena, umorea, samurtasuna eta errebeldia nahastuz. Testu ausart eta indartsuak, espreski grabatutako soinu-efektuekin batera, bidaia emozional batera murgiltzen gaitu, publikoa barre egitera, hunkitzera eta emozioen benetako “dragon cancer” -a zeharkatzera eramanez.

Antzezpenaren ondoren, solasaldi irekia eskaintzen da publikoarekin, minbiziaren bizipenean, laguntzan eta sentsibilizazioan sakontzeko.
Umorea erabiliko da min eman duenari eta isildu ohi denari buruz hitz egiteko. Minbiziaren esperientzia humanizatuko da, samurtasunetik, lotsagabekeriatik eta errebeldiatik abiatuta. Mina arindu eta elkarrizketa soziala zabalduko duen katarsi kolektiboa sortuko da.

Zuzendaritza: Aitziber Garmendia
Testua eta interpretazioa: Olatz Mercader
Koordinazioa: Iñurri