Eduki publikatzailea

Atzealdea Irribarria, Zabaleta eta Ibarra, VI. Intxaur Pilota Txapelketako txapeldunak

Lau t’erdiko finalak herriguneko festen baitan jokatu ziren Intxaur pilotalekuan, jendez beteta eta giro ederrean

2026·08·17


Asteazkenean jokatu ziren VI. Intxaur pilota txapelketako finalak, herriguneko festen egitarauaren baitan. Elite mailan Tolosa taldeko Ekhi Irribarriak irabazi zuen txapela; emakumeen kategorian, berriz, Leitzako Goiuri Zabaletak lortu zuen garaipena; eta promesa mailan, Eibarko Ibon Ibarra nagusitu zen.  

Jardunaldiko lehen partida promesa mailakoa izan zen. Ibon Ibarrak (Eibar) 22-14 irabazi zion Unax Ramirezi (Kurene). Hain zuzen ere, irabazlea lau t'erdiko kategorian garaipen ugari ari da eskuratzen, eta Zizurkilen ere, txapela lortu arte borrokatu zuen. 

Onodoren, emakumeen finala jokatu zen, eta Goiuri Zabaletak (Leitza) lortu zuen garaipena, 22-4eko emaitzarekin. Miriam Arraizak (Izurun) partida osoan zehar borrokatu zuen, baina nafarraren nagusitasunaren aurrean, ez zuen aukera handirik izan. Azken orduko aldaketa baten ondorioz jokatu zuen Arraizak partida, Miriam Arrillagak ezin izan baitzuen lehiatu. 

Amaitzeko, gizonezkoen elite mailan Ekhi Irribarriak (Tolosa) 22-7 irabazi zion Gaizka Carregali (Adiskide). Lehia biziagoko partida espero bazen ere, gipuzkoarra nagusi izan zen une oro, partida bikaina jokatu zuen. 

Pilotalekuan giro bikaina

Herriguneko festetako bigarren egunean jokatu zen txapelketa, Umeen Egunaren baitan. Egun borobilari, koloretsuari eta alaiari amaiera bikaina eman zitzaion, jende pila bildu zen pilotalekuan. 

Lehen partida amaitu ondoren, etenalditxoa egin zen, eta kanpoaldean zezensuzkoaren txanda izan zen. Haurrek jolasean jarraitu zuten, eta festa giroa herri guztian zehar zabaldu zen, plazaraino eta, handik, berriz ere, pilotalekura itzuliz. 

Behin zezensuzkoa amaituta, azken bi finalak jokatu ziren. Giro ona eta polita nagusitu ziren beste behin ere, Intxaur pilota txapelketan.