Eduki publikatzailea

Atzealdea Abuztuaren 12ko eguzki-eklipserako gomendioak

Asteazken honetan eguzki-eklipseaz gozatzeko aukera izango da

2026·08·10


Abuztuaren 12an, asteazken honetan, eguzki eklipse oso bat izango da, gure lurraldetik behatu ahal izango dena, baita Zizurkildik ere. Beraz, eguzki-eklipseaz gozatzeko aukera izango dugu. Gainera, herriguneko festak ospatzen ari diren bitartean gertatuko da, horregatik, festen egitarauaren baitan, 20:15ean hitzordua jarri da. 

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Osasun Sailak eta Segurtasun Sailak osasun publikoa eta segurtasuna bermatzeko informazioa zabaldu du. Beraz, fenomeno astronomikoaren behaketa segurua egiteko beharrezkotzat jotzen diren prebentzio-neurriak eta segurtasun-jarraibideak irakur ditzakezue jarraian.

Babes egokia erabili

Babes egokirik gabe behatzeak lesio okular larriak eta itzulezinak eragin ditzake. Erretina berehalako minik gabe mindu daiteke, eta ondorioak ordu batzuk geroago ager daitezke, baina beranduegi da horiek lehengoratzeko.

Horregatik, babes egokia erabiltzea ezinbestekoa da. Inoiz ez zaio eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe, ezta eguzki- partzial edo anular batean ere. 

Era berean, ez dira seguruak: eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak, argazki negatiboak edo kristal ketuak. Eklipse bat ikusteko modurik errazena eta seguruena horretarako berariaz diseinatutako betaurrekoak dira, ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatuak. 

Garrantzitsua da arauaren amaierako "-2" ari erreparatzea. Izan ere, ISO 12312-1 araua eguzkitako betaurreko arruntei dagokie, eta ez dute balio eguzkiari begiratzeko. Betaurreko ziurtatuekin ere, ez da komeni 45 segundo baino gehiago jarraian behatzea, eta, aldiro, atsedenaldi laburrak egitea komeni da.

Soilik osotasun fasean, alegia, ilargiak eguzki-diskoa erabat estaltzen duenean, ikus daiteke eklipsea begi hutsez. Eguzkiaren lehen argia berriz agertu bezain laster, betaurrekoak jantzi behar dira berehala. 

Betaurrekoek honako hauek izan behar dituzte:

  • Europako benetako CE marka.
  • Erabiltzeko jarraibideak.
  • Iraungitze-data, materiala iraunkorra ez bada.
  • Erabili aurretik, baieztatu ez dutela urraturik, pitzadurarik edo kalterik.

Beste gomendio batzuk

Trafiko ugari izatea aurreikusten da, horrexegatik gomendatzen da: hurbileko puntu bat aukeratzea, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko; garaiz iritsi, auto-ilarak saihesteko; itzulerako bidea modu mailakatuan egitea; eta ertzaintzaren eta beste agintari batzuen jarraibideei kasu egitea.

Gainera: azalerako eguzki- babes egokia erabili, kapela edo txanoa jantzi, hidratazio egokia izan eta kontu handiz ibili behar da haurrekin eta pertsona kalteberekin, behaketan betaurrekoak kendu ez ditzaten.

Bestalde, eguraldiaren iragarpena kontuan hartzea komeni da, batez ere arrazoi hauengatik: kostaldeko lanbroa, bero-hodeiak eta uda sasoiko trumoi-ekaitzak. 

Baliteke elkarte astronomikoek edo tokiko taldeek behaketa publikoak antolatzea, fenomenoaz elkarrekin ikasteko eta gozatzeko aukera ona delako. Jende asko dabilen eremuetan, telefonoetako sareak saturatu egin daitezke. Gomendioak: aurretik mapak edo beharrezkoa den beste informazioa deskargatu, bateria eramangarriak eramatea. 

Abuztuaren 12an eta 13an pertseidak izaten dira. Aurten, gainera, ilargia ilberri fasean egongo da eta horrek behaketa erraztuko du. Egonaldia luzatzeko asmoa badago berokia eraman eta bateria eramangarriak edo karga-sistemak izan.