Eduki publikatzailea

Atzealdea Zizurkilgo Udalak jai jasangarriagoak sustatzeko gomendioak zabaldu ditu

Udalak hondakin gutxiago sortzeko deia egin du herriguneko jaien atarian

2026·08·05


Zizurkilgo Udalak urte osoan zehar lan egiten du hondakinen kudeaketa hobetzeko. Konpromiso horren erakusgarri dira etengabe ezartzen dituen neurri eta hobekuntzak, baita hondakinen kudeaketaren inguruan egiten duen jarraipen etengabea ere. Hala ere, Udala jakitun da herriko jaiak iristean (herrigunekoak zein Elbarrenakoak) hondakin gehiago sortzen dela eta urtean zehar sustatutako ohitura jasangarriekin jarraitzea zailagoa izaten dela. Horregatik, herritarrak sentsibilizatzeko eta jaietan ere hondakinak murrizten laguntzeko hainbat gomendio zabaldu nahi dira.

Udalak urtean zehar hondakinen kudeaketa modu arduratsuan egiten duten herritar guztiei eskerrak ematen dizkien moduan (haien konpromisoarekin eraikitzen baita herri garbiagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa), gaur, herritarren inplikazioa eskatu nahi du nahiz hondakinak murriztea guztion esku dagoela gogorarazi. 

Maite Amenabar alkateak azpimarratu duen bezala: “Ohitura txikiak aldatuz, jaiak modu jasangarriagoan ospatu daitezke eta sortzen den hondakin kopurua nabarmen murriztu”. Horretarako honako gomendio hauexek zabaldu dira:

  • Erabili edalontzi berrerabilgarriak: urte asko daramatzagu festetan plastikozko edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen. Hala ere, askotan, berrerabilgarriak izan arren, hurrengo edaria eskatzera goazenean ez dugu edalontzi berbera erabiltzen, eta, ondorioz, ez ditugu benetan berrerabiltzen. Finean, edalontzi horiek behin bat eskuratu ondoren berbera erabiltzeko dira. Horrexegatik ez utzi edalontzia bazter batean, eta hurrengo edariak eskatzerako orduan erabili beti edalontzi bera.
  • Edan ura iturrietatik: Festa garaian ez dugu etxetik ur-botila eramateko ohiturarik, eta, horren ordez, askotan plastikozko botila txikiak erosten ditugu. Gainera, uda betean ospatzen direnez herriguneko festak eta egun osoa kalean igarotzen dugunez, ur gehiago edaten dugu. Baina gogoratu: urte osoan bezala, festetan ere herriko parke eta plazetako iturriak erabilgarri daude. Horregatik, saihestu ahal den neurrian plastikozko botila txikiak erostea, eta erabili iturrietako ura. Horrela, hondakin gutxiago sortuko dugu eta ingurumena zaintzen lagunduko dugu.
  • Erabili plater eta mahai-tresna berrerabilgarriak: jaietan ohikoa izaten da bazkariak eta afariak kalean egitea lagunartean edo familian. Horrelakoetan, erosoena askotan erabilera bakarreko platerak eta mahai-tresnak erabiltzea dela iruditzen zaigu, baina horrek hondakin asko sortzen du. Horren ordez, aukeratu plater eta mahai-tresna berrerabilgarriak, garbitu eta berriz erabiltzeko. Keinu txiki horrek nabarmen murrizten du sortzen den hondakin kopurua, eta jaiak jasangarriagoak izaten laguntzen du.
  • Erabili telazko mahai-zapiak: jaietan ohikoa da bazkariak eta afariak kalean egitea, eta horrelakoetan sarritan paperezko mahai-zapiak erabiltzen ditugu. Erabilera bakarrekoak direnez, behin erabili eta zakarretara botatzen dira, eta horrek hondakin kopuru handia sortzen du. Horren ordez, aukeratu etxeko telazko mahai-zapiak. Berrerabili daitezke, hondakin gutxiago sortzen dute eta, gainera, kolore eta giro berezia ematen diete jaietako mahaiari. Keinu txiki batekin, festa jasangarriagoak eta alaiagoak egin ditzakegu.

Bide batez, aurten ere Zizurkilgo Udalak zakarrak behar bezala bereizteko poltsak jarriko ditu herri bazkari eta afarietan. Erabili itzazu eta bota hondakin bakoitza dagokion poltsara edo edukiontzira. Festetan ere birziklatzea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da hondakinak ondo bereiztea, jai garbiagoak eta jasangarriagoak izan daitezen.

Keinu txiki horiekin guztiok lagundu dezakegu jaietan sortzen diren hondakinak gutxitzen, urte osoko lan eta kudeaketa txukunari jarraipena ematen eta herria garbiago mantentzen.

Festa gehiago, hondakin gutxiago!

Zizurkilgo Udalak herritar guztiak animatzen ditu jaiak modu arduratsuan bizitzera, ingurunea zaintzeko eta hondakinak ahalik eta gehien murrizteko, guztion artean, jai jasangarriagoak egitea posible baita: “Jaiak ospatzea eta ingurumena zaintzea bateragarriak dira”. 
Bide batez, Zizurkilgo Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu jaiak giro onean, errespetuz eta ingurunea zainduz ospatzera. Jai on guztioi!