Eduki publikatzailea
Atzealdea Zizurkilgo Udalak futbol zelaiaren erabilera arautzeko hitzarmena sinatu du Danena Kirol Elkartearekin eta Aiztondo Neskide Kirol Taldearekin
2026·07·29

Zizurkilgo Udalak, Danena Kirol Elkarteak eta Aiztondo Neskide Kirol Taldeak Danena futbol zelaiaren erabilera arautzen duen hitzarmena sinatu dute, 2030eko maiatzaren 1era arte egongo dena indarrean. Hitzarmenak futbol zelaiaren erabilera orokorra jasotzen du, eta, orain arte, lau urtez behin Udalak eta Danenak sinatu izan dute. Aurten, ordea, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea, Danenako Josu Sarasola eta Neskideko Ane Lasa bildu dira hitzarmena sinatzeko.
Hori horrela, hitzarmenak berrikuntza garrantzitsua dakar; izan ere, orain arte futbol klub bakarrarekin sinatzen bazen ere, aurrerantzean bi klubek parte hartuko dute. 2022an sortu zen Aiztondo Neskide Kirol Taldea. Horren ondorioz, 2026tik aurrera Zizurkilgo Udalak Danena eta Neskide hitzarmen berean jasotzea erabaki du, futbol zelaiaren erabilera bi erakundeek modu koordinatuan egin dezaten.
Horregatik, hitzarmenaren bidez, herriko bi futbol taldeek zelaia erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute, lankidetzan eta elkarlanean oinarrituta. Izan ere, Udalaren helburua da futbolean aritzen diren herriko eta inguruko neska-mutilek kirola egiteko espazio egokia izaten jarraitzea, eta bi kluben arteko bizikidetza eta antolaketa erraztea.
Horretaz gain, aurreko hitzarmenetan bezalaxe, hizkuntza eta parekidetasun irizpideak ere barnebiltzen dira. Maite Amenabar alkatearen esanetan: “Bi klubek euskararen erabilera eta parekidetasuna sustatzeko konpromisoa hartu dute. Udalarentzat ezinbesteko balioak dira biak, eta, horregatik, hitzarmen honetan ere jaso nahi izan dira”.
Hitzarmenaren berezitasunak
Inguruko herrietan, oro har, furbol zelaiaren erbilera arautzen duten hitzarmenak klub bakarrarekin sinatzen dira. Zizurkilen, ordea, etorkizun oparoa duten bi klub daudenez, Udalak bi erakundeak hitzarmen berean biltzea eta zelaiaren erabilera modu partekatuan arautzea erabaki du. Hitzarmena, gainera, une berezian iritsi da: Danena Kirol Elkartea bere 50. urteurrena ospatzen ari da, eta Aiztondo Neskide Kirol Taldea bost urte betetzear da. Horren harira, "udalak ilusio handiz sinatu du hitzarmena, eta etorkizunean kirolari askok Danena futbol zelaian hazten eta gozatzen jarraitzea espero dugu”, adierazi du Amenabar alkateak.
Bestalde, Udalak udal kirol-instalazioak ahalik eta erabilera zabalena izan dezaten lanean jarraituko duela berretsi du. Horregatik, Danena eta Aiztondo Neskide Kirol Taldeez gain, eskola kiroleko haurrek ere Danena futbol zelaia erabiltzeko aukera izango dute, multikirolak ere leku garrantzitsua baitu Zizurkilen.
